GARA Euskal Herriko egunkaria
BITELCHUS BITELCHUS

Jarraipen duina baina irregularra


Film originalak ezarri zuen ereduari jarraiki, Burtonek hain berezkoa duen mundu gotiko eta surrealistan murgiltzen gaitu, baina ukitu modernoekin. Lehenengoaren espiritua berreskuratu du eta umore beltzarekin zein estetika bereizgarriarekin jokatu du. Michael Keatonek berriro jokatzen du Beetlejuice pertsonaiaren rola, eta bere karisma eta energia ardatz nagusietako bat dira. Winona Ryder ere itzuli da Lydia Deetz gisa, eta filmaren bihotza eta nostalgia faktorea indartzen ditu.

Burtonen hasierako ekoizpenak zerbaitegatik ezaugarritu badira, efektu praktikoengatik izan da. Bere eszenaratzeek izaera ameslari eta surrealista ematen diote filmei, eta hori zuzendariaren sinadura bihurtu da. Zoritxarrez, “Alice in Wonderland “ (“Alicia en el País de las Maravillas”) bezalako zintetan oso presente dagoen efektu digitalen testura hotzaren izaera hori galdu egin da; ordenagailu bidezko efektuekin, ikusle askok pantailan gertatzen ari denarekiko distantzia emozionala eta hoztasuna sentitzen dugu. Hemen efektu digitalak badaude, baina baita sinesgarritasunaren alde arraun egiten duten elementu ukigarriak ere.

Pertsonaia nagusiak eta itxura estetikoa dira indargunerik handienak; bisualki groteskoa eta erakargarria den estetika horren arteko orekari ongi eusten dio, eta Beetlejuice-en izaera kaotikoak bere horretan jarraitzen du.

Oztoporik nagusiena, ordea, gidoia iruditu zait: behartua eta jatorrizko filmeko txiste eta egoeren mendekoa sentitu dut. Erritmoa irregularra da; bisualki zirraragarriak diren baina aurrerapen narratiborik eskaintzen ez duten eszenak daude eta, zenbait unetan, argumentua geldiarazi egiten dute. Estilo bisualari eta filmaren izaerari, istorioari berari baino garrantzi gehiago eman izan baliote bezala.