2024 IRA. 13 Egiako porrontxoak eta Lezoko santakrutzak: azken txarrik ez dago Ikasturtea abiatu bada ere eta udazken usaina gainean dugun arren, oraindik badira jaien arrastoan dabiltzan herri eta auzoak. Lezon santakrutzak ospatuko dituzte, eta Donostiako Egian, Porrontxo jai famatuak. Musika, haurrentzako jarduerak, bertsoak, ganadu feriak eta jan-edana, besteak beste, ez dira faltako. Egiako Porrontxoak, artxiboko irudi batean. (Juan Carlos RUIZ | FOKU) GARA DONOSTIA Azken egunotako eguraldia uda girotik urrun badago ere, oraindik bada amaitzear den urtaro honetako jai-giroaz gozatzeko parada. Gipuzkoan Donostia eta Lezo dira horretarako aukera paregabeak, batean Porrontxo jaiak eta bestean santakrutzak. DONOSTIA Egia auzoan ospatzen ari dira Porrontxo festak. Ohi bezala, auzolanean antolatutako jai egitaraua prestatu dute eta aurten auzoko gune desberdinetara zabalduko da. Txupinazoa atzo bertan bota zuten, aurten Kaleko Afari Solidarioak taldearen eskutik, eta egitaraua igandera arte luzatuko da. Gaur, hilak 13, gazte eguna ospatuko dute, baina haurrei zuzendutako emanaldiek ere leku berezia izango dute. Horrela, ez dira faltako, besteak beste, bertso bazkaria, mus txapelketako finala, haurren afari-merienda, tailerrak, familia dantzaldia, kontzertuak eta DJ emanaldiak. Bihar, hilaren 14an, larunbata, elkartasun eguna ospatuko dute eta eguerdirako kantu jira, danborrada, Denak Etxera brindisa eta bazkari herrikoia daude iragarrita. Bazkariaren ondoren, DJ emanaldiak izango dira eta arratsaldean, elektrotxaranga, remember festa, mariatxiak, kuadrillen afaria, kontzertuak eta erromeria. Igande honetan, hilak 15, euskal jaia izango dute eta honako ekitaldiak daude iragarrita: esku pilota finalak, sagardo dastaketa trikitilariek alaituta, bazkari herrikoia, herri kirolak, kontzertuak eta kalejirak. Azken traka gaueko hamarretan botako dute, eta horren ostean auzoko argazkia aterako dute, jaiei amaiera borobila emateko. Gaueko giroari eta kontzertuei dagokienez, gaur Arkale, Zarrata eta DJ 113 taldeak izango dira gauean. Bihar, 1.00ean hasita, La Mia Marik emanaldia eskainiko du Plaza Berrian, eta 2.00etan, JD La Fulanak Plaza Haundi girotuko du. LEZO Astelehenera bitartean ospatuko dituzte aurtengo Santakrutz jaiak Lezon eta, herria kolorez eta musikaz janzteaz gain, «gure herriko hizkuntza, kultura, balioak eta nortasuna sendotzeko egunak» izatea espero du Mikel Arruti Salaberria alkateak. Txupinazoa gaur arratsaldeko 19.00etan izango da alkate txikien eskutik, eta ondoren musika bandak eta txistulariek “Lezoko herria” ereserkia eskainiko dute. Jarraian, buruhandi eta erraldoien txanda izango da, baita holi festa eta karropoteoarena ere. Festetako lehenengo eguna amaitzeko, danborrada eta DJ emanaldia izango dira. Larunbatean (irailak 14) Santakrutz eguna ospatuko dute herri kirolekin, kuadrillen arteko jokoekin, herri bazkariarekin, kalejirarekin eta erromeriarekin. Igandean (irailak 15) inude eta artzainen desfilea egingo dute goizez eta pilota txapelketako finalak arratsaldez. Jaien azken eguna (irailak 16) baserritarrei eskainia izango da, ohiko ganadu feria eta idi-demarekin. Eguerdian bertso bazkariak izango dira Ixkulin eta Tiñelu elkarteetan, eta iluntzean bertsolariek saioa eskainiko dute plazan. Egitarauari amaiera emateko, zezensuzkoa eta Udal Musika Eskolako musika bandaren emanaldia izango dira. Gautxorientzat, gaur DJ Liatu Garete izango da 1.30ean, Karlos Saldise plazan. Bihar, toki berean Kaparrak taldeak kontzertua emango du afalostean, 23.30ean, eta 1.00ean DJ Fifi eta Fefa-k hartuko dute musikaren lekukoa plazan. HAURRENTZATAsteburu osoa hartuko duten jaiak adin guztietarako dira, baita haurrentzat ere, noski. Emanaldiak, familia dantzaldia eta afari-merienda iragarrita daude. BASERRITARRAKLezoko santakrutzetako azken eguna baserritarrei eskainitakoa da. Bertso-bazkariaren aurretik, ganadu feria eta idi-dema egingo dira. Eguna zezensuzkoak eta Udal Musika Eskolako bandak itxiko dute.