2024 IRA. 13 «Egoera hori bizi izan dugunok motxila gainean daramagu» «Gurpilak» liburua argitaratu du Eztizen Artolak. Haur motxiladun baten begiradatik idatzitako nobela hau bere bizipen pertsonala abiapuntu hartuta sortu du, beste haur batzuek bizitakoak jasotzeko ariketa kolektiboa eginda. Artolak aurkezpenean azpimarratu zuen gaurkotasuneko gaia dela, 97 pertsonak baitaukate gurasoren bat preso oraindik. Eztizen Artola, «Gurpilak» liburua esku artean duela. (Mikel MTZ DE TRESPUENTES | FOKU) Nerea LAUZIRIKA BILBO Euskal Herrian daude espainiar Estatuan sakabanatuta zeuden euskal presoak; Lannemezango kartzelan dauzkate, ordea, frantziar Estatuan daudenak. Bidaiak egiteko zerabiltzaten motxilak aspaldi alde batera utzita dauzkate inoiz gurasoak urrutiko presondegietan izan dituzten ume gehienek. Baina ez guztiek. Pisua bizkarrean nabaritzen jarraitzen dute batzuek zein besteek, baita gurasoak etxean dauzkatenek ere. Horretaz dihardu Eztizen Artolak argitaratu berri duen “Gurpilak” liburuak. Bere bizipen propioak zein beste haur motxiladun batzuenak fikzionatuta ondu du Txalaparta argitaletxearen eskutik plazaratu berri duen lana. Irakaslea da ikasketaz, herri mugimenduan buru-belarri dabil eta lehen liburua du “Gurpilak”. Garazi Arrula editoreak lagunduta aurkeztu zuen atzo Bilboko Alde Zaharreko Zirika Gunean, senide eta lagunez inguratuta. Argi utzi zuen ez dela bere bizitza pertsonalaren inguruko liburua, baina ukaezina da bere bizipenak ezinbestekoak izan direla haur motxiladun baten begiradatik kontatutako liburua idazteko. Aita kartzelan ezagutu izan du beti Ihintzak, nobelako protagonistak. Libre utzi zuten eguna kontatzen du lehen atalak eta, ostean, atzera salto egiten du kontakizunak, kronologikoki eta kartzelaz kartzela kontatzeko inguruan duenak barruan sortzen dizkionak. Ume batek dituen zalantza xaloak dira haurra dela Ihintzak buruan bueltaka dituen galderak, ia sortu bezain pronto plazaratzen dituenak. Adinean aurrera egiten doan neurrian, zalantza eta hausnarketak konplexuagoak bilakatuko zaizkio, identifikatu, bai, baina bakarrik askatzeko gai ez den korapilo bat sortzeraino. Haur motxiladun izateak eragiten duen sufrikarioa presoa kalera ateratzean bukatzen dela pentsatuko du askok, baina ez da egia inondik inora. Bizipen latz horrek uzten duen arrastoari ere heldu dio Artolak liburuan eta ezin argiago azaldu zuen aurkezpenean: «Bidaia horiek gorabehera, espetxeak bere horretan haur hauen bizitzak hankaz gora jartzen ditu eta haien bizitzak suntsitzen jarraitzen du». Haur motxiladunen aferak hor dirauela azpimarratu zuen; hain zuzen, horregatik erabaki du liburua orain argitaratzea. «Gaur egun 97 lagun daude gurasoak gabe hezten ari direnak; horietatik 62 adin txikikoak dira», esan zuen, eta bereziki hunkitu zen aitarekin egoteko Lannemezanera hiru ordutik gorako bidaia egin behar duten lau eta sei urteko bi haur bilbotarrez hitz egitean. «Egoera hori bizi izan dugunok motxila gainean daramagu; horrela ikasi dugu bizitzen», azaldu zuen. EMAKUMEAK AZALERA «Aspertuta bezain nekatuta» zegoen Artola gizonek monopolizatu duten gatazkaren kontakizunean bere burua ez aurkitzeaz eta horren aurka egin du liburuan, haur motxiladunen amei aitortza eginez, bere amagandik abiatuta. «Magia egin dute», idazlearen hitzetan, gurasoekin egoteko kartzelara joatea beste erremediorik ez zuten umeek ahal den neurrian «pozik» egin dezaten bidaia. Hain zuzen, Artolaren amak jarri dio izena liburuari: «Metafora polita egiten du eta, era berean, polita da amak izena eman izana». BIZITZEN IKASIEztizen Artolak azaldu zuen haur motxiladun izandakoek ez dutela zama gainetik kentzen, ezta presoa aske geratu eta etxera itzultzen denean ere: «Horrela ikasi dugu bizitzen»