2024 IRA. 13 SIDONIE EN JAPÓN Ustekabean itzultzen den maitasuna GAIZKA IZAGIRRE HERNANI Veneziako Nazioarteko Zinema Jaialdiko Giornate degli Autori sailean estreinatutako drama erromantikoa da, eta Isabelle Huppert ezaguna du protagonista. Sidonie-ren rola jokatzen du, senarraren heriotzak lur jota utzi duen idazle frantziarrarena. Japoniara joango da bere best-seller berria aurkeztera. Editore japoniarrarekin herrialdeko xarma eta misterioak ezagutu arren, Sidonie galduta sentituko da, noraezean. Aspaldi desagertutako senarraren mamua bisitan hasten zaionean gauzak okertu egingo dira. «2013an Japonia deskubritu nuenean sentitu nuen sentsazioetatik jaio zen film hau. Gidoia idazten hasi bezain pronto, Isabelle Huppert aktorearengan pentsatu nuen, eta Sidonie izena aukeratu nuen, japonierarekin duen kontsonantziagatik, baina baita Coletteri egindako omenaldi gisa ere, bereziki maite dudan idazlea delako», esan du Elise Girard filmaren zuzendariak. «Film-bidaia honen bidez, doluari, berpizkundeari eta ustekabean itzultzen den maitasunari buruz hitz egin nahi nuen. Frantzia eta Japonia gorpuztu litzaketen bi pertsonaien topaketa erakusten du».