2024 IRA. 15 ZORROZTARRIA Ondarez ondare, Banzai! Julen MURGOITIO Euskararen herri honek gaur-gaurkoz hego-mendebaldean duen unibertsitate publiko bakarraren leloak halaxe dio: “Eman ta zabal zazu”. Utzi dezadan oraingoan aparte munduratzen ditugun fruituen gaineko gogoeta, zutabe horizontala baino bertikala hartuko lukeelako horrek. Amen! Gomutara etorri zait leloa egunkarian irakurri dudan albiste bati begira. Izan ere, AEBetako unibertsitateetan ikasturtea hasi berria den honetan, hainbat campusetan neurriak hartu dira estudianteek, ikasleak izan edo ez, kanpaldiak egin ez ditzaten. Jakina, palestinar guztien gaza-eskubideak defendatzeko kanpatu. Bada ez, ez eman eta ez zabaldu ere, unibertsitateak ez daude halako ergelkerietarako, lehentasunez jende inportantea prestatu behar baitute, planeta honetako munduek iraunkor izaten segitu dezaten. Amen, berriro! Total, han Estatuak, eta gure honetan estaturik ez; baina, hori bai, estatutua eta estatusa! Gaitz erdi! Urte politiko berrian horra gaia berriro albiste. Batzuentzat ikasgai, irakasgai besteentzat. Batzuentzat hautazkoa, beharrezkoa besteentzat. Eta tirabira baita ere azkeneko ebaluazio sistemaz. Total, sasoian sasoikoa. Estatutua agortua da, arnasketa lagunduan, ondare arkeologiko bihurtzeko bidean; hortaz, zertarako museo bat Urdaibain halako ondarea jada erreserban izanda? Eta estatusa oraindik jaio ez, haurdunaldiaren zain. Batzuek ikasturte hasieran kaleratzen dute gaia, edo hobeto esanda larreratzen. Ez dute, bada, kurtso irekiera Forondako zelaietan! Eta jeltzaleen presidenteak abisua du emana, sasoian ohi legez: “Aurrera goaz” estatusarekin edo. Komikietan balitz, ikusten dut burutsua Banzai! Oihuan, “ama, ama!”. Nago ni horien balizko apustuaren benetako helburua Ezkio-Itsasoko tren-geltoki zer horrena ahatzaraztea dela. Ez al dute, bada, hori ere ondare izendatuko!