GARA Euskal Herriko egunkaria
JOPUNTUA

Nuarbe-Zarautz


Win Wendersek Hans Kollhoffi aipatu zion “Der Himmel über Berlin” filmerako lokalizazioak hautatzen zituela bere buruari galdetuz ea hauek existituko ziren denbora tarte bat pasatu ostean. Hala, pelikulan garrantzia nabarmena duen Langenscheidt zubia filmaketatik oso gutxira eraitsi zuten. Gertaera horrek hausnarketa hau eragin zion Wendersi: «Zubi berri bat eraikiko dute baina deus ez da igaroko haren gainetik. Zirkulatu egingo da. Trafikoa mugatuko da erreia jarraitzera eta ez zara jabetuko zubi baten gainean zaudenik ere, zubi berri guztietan gertatu ohi den gisara». Anekdota Julia Guillamonen “La ciutat interrompuda” liburu ederrak dakar, non Bartzelonan hirigintzak azken bost hamarkadetan izan duen eboluzioaz jarduten duen, egileak idazleek hiria nola islatu duten aztertuta.

Nik Aretxabaletako Eroski parean den margoketa bati egiten diot egiazkotasunaren galdera; «polizia langileon etsaia» jartzen du, airoso. Bai, hala da, izan bada zakurra zakur, baina akaso hormak beste zerbait ezkutatzen du. Alegia, osoagoa izan liteke esaldia, beteagoa. Izan ere, akordatzen naiz nola behin Menorcako ferrya hartzear geundela poliziek azkenak igoarazi gintuzten, nahita, euskaldun izate hutsagatik. Gure dokumentazioa aztertu eta, batez ere, gu izorratu eta izutu, beste xederik ez zuten. Anekdota light samarra da, badakit, beldurraren eskaileran harmaila baxu askoa, baina nire ustez ondo ilustratzen duena zer den bizi duguna, parean den uniformatuak zer garen eta nor garen identifikatzen duenean. Beti mehatxupean. Polizia langileon etsaia, doike. Baina hobeto egin dezakegu. Zehatzago, egiatiago. Txanponari alderik ezabatu gabe. Arlo soziala eta arlo nazionala bat izatea, badakizue. Bestela, omisioz omisio, hizkuntza gutxitu baten hiztunoi pribilegiatu dei diezaguke edonork, eta gero ahaztu Euskal Herriko enpresa handienetan euskara hutsaren hurrengoa dela, salbuespenak salbuespen. Ikastolei su ematea proposatzen irakurri dut EHUko irakasle bat ere. Hori da bizi dugun unea, apur bat arraroa, eroa.