2024 IRA. 18 Elkarrizketa Joseba FERNANDEZ San Juan taldeko entrenatzailea «Herriko pertsona askoren lanaren bitartez lortutako zerbait izan da» Sei urteren ondoren, San Juango traineruak maila gorenera igotzea lortu du Joseba Fernandez (1974, Pasai Donibane) entrenatzailearen agindupean. Azken urtean taldeari «distira ematea» egokitu zaiola nabarmendu du Fernandezek, baina bera iritsi aurretik «ondo landutako zerbait» zutela. Denboraldiaren balorazioa «10ekoa ez bada, 9koa da». (Mikel MARTINEZ DE TRESPUENTES - Andoni CANELLADA | FOKU) Ion GARATE - Zuriñe IGLESIAS Ahotsa urratuta nabaritzen zaio Joseba Fernandez San Juango entrenatzaileari. Igandean ederki ospatu zuen seinale. Datorren denboraldian «goi mailako arraunketa» izango dute Pasai Donibanen. “Erreka” traineruak nagusitasunez irabazi du KAE 1 liga, jokoan zeuden hamahiru banderatatik 11 astinduta, eta azken urratsa ematea falta zitzaien. Bada, ondo baino hobeto errematatu zuten joan den asteburuan Bermeon eta Portugaleten jokatutako kanporaketetan. «Herriko trainerua igotzea gauza handia da, baina garrantzia ematen diot pertsona askoren bitartez lortutako zerbait izan dela, eta denak herrikoak garela», hausnartu du prestatzaileak. NAIZ Irratian egindako elkarrizketan baieztatu du datorren denboraldian San Juango entrenatzailea izango dela. Igandean ikusi zintugun Pasai Donibaneko kaleetako kalejira batean ospakizunetan. Herria pozik dago, ezta? Egia esan, atzokoa eta asteburu osoa guretzat benetan polita izan da, hunkigarria. Beti gogoratuko dugun asteburua izango da. Egun berezia aipatu duzu atzokoa eta asteburukoa ere. Ez bakarrik zuek urrezko mailara igotzea lortu zenutelako, baita, oker ez banago, igandean ospatzen zelako ere orain dela 100 urte San Juanek lehen bandera irabazi zuela. Beraz, urte ederra probestu duzue berriro gorenera igotzeko. Bai. Orain ehun urte betetzen dira 24. urteko lehen bandera lortu zela. Sanjuandarrentzat bigarrena da, 20koa guretzat ere hartzen dugulako, baina ehun urte bete dira 24kotik, eta polita geratu da asteburuan bizitakoa eta larunbatean bizitako ekitaldia ere. Sanjuandarra zarela, joan den azaroan hartu zenuen "Erreka" gidatzeko ardura, eta gorengo mailara igo da trainerua sei urteren ondoren. Zuretzat zer esan nahi du honek? Pertsonalki, herriko trainerua igotzea oso handia da, baina nik horri ez diot garrantzia handirik ematen. Ni pozten nauena da pertsona askoren lanaren bitartez lortutako zerbait izan dela eta denak herrikoak garela. Azken finean, sei urte aritu gara, eta sei urte horietan jende asko ibili da lanean isil-isilik, pazientzia askorekin, gauzak poliki egiten, baina ondo, egitura finkatuz... Niri, beharbada, azken urtean tokatu zait distira ematea, eta nire azken urte hau bikain atera da. Baina atzetik ondo landutako zerbait dugu, eta denen artean egindako lan horrek benetan betetzen nau. Estropadei begiratuz gero, Bermeon bigarren egin zenuten, Aresko trainerutik segundo bakarrera; eta Portugaleten, igandean, lehenak. Aresi, gainera, zazpi segundo aterata. Hor eman zenuten kolpea? Bai. Aukeratzeko modua izan bagenu, beharbada eskatuko genuke Bermeon lehenak izatea. Psikologikoki askoz ere garrantzitsuagoa zen Bermeotik ondo kokatuta ateratzea, baina pena hartu genuen, lehenengo minutuetan abantaila handi bat galdu genuelako Aresekin. Oso ondo ekin zion estropadari, eta gu, aldiz, atera ginen gehiegi erotu gabe eta bueltako luzeetan min egiteko asmoz. Baina abantaila gehiegi hartu ziguten. Haien bigarren luzea ere ona izan zen, eta gurea bikaina. Gero kanporaka berdin joan ginen, eta guk beharbada pixka bat hasieran gastatu ez genuena bukaerarako gordeta genuen, eta abantailari eutsi genion. Azkeneko olatu horrek azken puntu hori eman zigun. Eta igandean geunden barruan hori genuela, ia eskura geneukan larunbateko abantaila izugarriarekin Santurtzirekiko, bagenekien Aresek garaipena lortuz gero, eta indartsuena ematen zuenez, Santurtzi bakarrik kontrolatu behar genuela txartela lortzeko. Hori jakinda, lasaitasun horrekin posible izan zen garaipen handia ateratzea, eta azkenean lortu genuen. Hor kezka batzuk ere bazeuden. Ekainean hain ondo hasita, Euskadiko Txapelketarako sailkapena lortuz, ea iraungo zuen honek, trainerua iritsiko ote zen irailera. Baietz erakutsi duzue, eta gainera indartsu iritsi zaretela. Bai. Alde batetik, gure lanari esker eta gure emaitzei esker, bagenuen aukera puntu asko pilatzeko lehenengo bost jardunaldietan eta hirugarren postuarekiko alde zabala izateko. Horrek lagundu zigun denboraldia beste era batean kudeatzen eta hitzordu honetan pentsatzen. Gero, multzo zabala dugunez, aukera eman digu taldeko partaide guztiak protagonista izateko, denek banderak irabazteko eta denak horren parte izateko, trainerua lortzen ari den garaipenekin. Hitzordua gorriz markatuta genuen, eta depositua nahiko beteta zegoen. Kanporaketa ondo prestatzen utzi digu, eta hori igarri egin da. Beharbada, Kontxako kanporaketa azken hilabeteko tarte horretan zegoen eta gure prestakuntzarekin tupust egiten zuen, baina ez zitzaigun horren ondo atera. Nolanahi dela, igandekoan asmatu genuen. Sekulako denboraldia osatu duzue: KAE 1 Ligan txapeldun, 13 banderetatik 11 astinduta. Eta orain igoera lortu duzue. Denboraldiaren balorazioa hamarrekoa al da? Ez dakit hamarrekoa den, baina 10ekoa ez bada, 9koa da. Izugarria izan da, guk espero genuena baino askoz ere hobea. Hamahirutik 11 bandera lortzea izugarria da, eta zaila lortzen. Egindakoarekin harro eta ezin kontentago nago. Hor, Pasai Donibanen, poztasuna; eta beste aldean, San Pedron, txanponaren beste aldea. Nola ikusi dituzue San Pedroko arraunlariak? San Pedrok azken aste hauetan gorabeherak izan ditu. Beharbada aurretik hartutako erabakiak eta aukeratutako arraunlari edo patroiak, edo auskalo, espero baino errendimendu gutxiago eman dute. Saiatu dira gauzak konpontzen eta kanporaketetara begira hartutako bidea zuzentzen. Zerbait arraroa gertatu da. TKEren bitartez jaso duten erreakzio hori, patroiari dopin kontrola egitea eta, nolabait, hartutako patroi berri horren inguruan zerbait bilatzera joan direla nahiko argia izan dela uste dut. Beharbada beraiek bilatzen zuten gorakada eta zuzenketa hori burutzen ez diete utzi, eta imajinatzen dut egoera horrek psikologikoki ez ziela batere lagunduko. Berriro lan gogorra egin beharko dute, taldea osatu eta gorenera bueltatzeko. Arrauna dagoen bezala, talde historikook arraunketa nola zaintzen dugun ikusita, iruditzen zait egokia dela harrobia eta herriko sentimendu horiek zaintzen ditugun taldeak goi mailako arraunketan egotea. Interesgarria dela, alegia. Azkena: datorren denboraldian San Juanen jarraituko al duzu? Bai. «Zerbait arraroa gertatu da. TKEren bitartez jaso duten erreakzio hori, patroiari [Cristian Garma] dopin kontrola egitea eta, nolabait, hartutako patroi berri horren inguruan zerbait bilatzera joan direla nahiko argia dela uste dut» «Arrauna dagoen bezala, talde historikook arraunketa nola zaintzen dugun ikusita, iruditzen zait egokia dela harrobia eta herriko sentimendu horiek zaintzen ditugun taldeak goi mailako arraunketan egotea»