2024 IRA. 19 Eskoziako Gobernuak adierazi du independentzia dela «azken helmuga», erreferenduma egin eta hamar urtera Swinney, artxiboko irudi batean. (Andrew MILLIGAN | EUROPA PRESS) GARA EDINBURGO Eskoziako erreferendum egin zela hamar urte bete ziren atzo. Horren harira, John Swinney Eskoziako ministro nagusiak atzo azpimarratu zuenez, independentziak «azken helmuga» izaten jarraitzen du, eta nabarmendu zuen bere Gobernuak bide horretan lan egingo duela. «Kosta egiten da hamar urte igaro direla sinestea», esan zuen Swinneyk, eta kontsultaren aurreko kanpaina «itxaropen» une gisa gogoratu zuen. Orain, garai bateko espiritua «berraurkitzea» espero du, lanean segitzeko eta Eskozia independente bat «irudikatzeko» helburuz. Zentzu horretan, «botere osoak» eskatu zituen, herritarren bizitza hobetu ahal izateko. Argudio horri heldu dio azkenaldian Eskoziako Alderdi Nazionalaren (SNP) Gobernuak, bereziki Erresuma Batua Europako Batasunetik irten zenetik. Brexitak erreferenduma errepikatzea justifikatzen duela uste dute, Eskozian gehiengo batek EBrekiko dibortzioaren aurka bozkatu baitzuen. Baina Londresek argi utzi du ez dutela bigarren kontsulta bat baimentzea aurreikusten, ez gobernu kontserbadoreen aldetik, ez eta Keir Starmer laboristaren aldetik ere. SNP ez da Eskoziako lehengo indar politikoa Londresen; izan ere, hauteskunde orokorretan 39 eserleku galdu zituen Westminsterren, eta ez du bermatuta Eskozian botereari eustea, nahiz eta hurrengo hauteskundeak aurreikusita ez dauden 2026ra arte. Inkestek, gainera, ez dute independentziaren aldeko joera aldaketarik erakusten, eta, oro har, 2014koen antzeko agertokiak marrazten dituzte. SNPk irailaren hasieran egin zuen bere kongresua. Swinneyk 2014an independentziaren aldeko mugimenduak zeukan positibotasuna berreskuratu nahi duela adierazi zuen orduan. Hala, SNPko militantzia osoari «mezu positiboak bidaltzeko» gonbita egin zion. Swinneyk 2014ko «itxaropena, baikortasuna eta aukera sentsazioa» gogorarazteko eskatu zuen.