2024 IRA. 19 Mesfida zaitez Andoni TOLOSA «MORAU» Musikaria Ez ona, ez eskasa, ezta erdipurdikoa ere. Ez dut uste musikarik gabeko istorio bat konta daitekeenik. Merezi duen edozein kontakizunek ditu melodiak, doinuak, erritmoak, tonalitateak... Idazlearen lana da, besteak beste, horiek azaleratzea. Eta hori gozamena, lortzen duenean: maite ditut entzun daitezkeen liburuak, horretarako aparteko tramankulurik erabili beharrik gabe, hitzen laguntza soilarekin. Horixe gertatu zait “Mesfida zaitez” liburua irakurri dudanean. Ikus-entzunezkoen kultura guztiahaldunaren girotze musikalaz haragoko kontu bat da; une jakin batzuk nabarmentzeko baliabide teknikoa luzetik gainditzen duena, koartada baino ez diren soinu-banda lauen erabat beste muturrean kokatu beharreko plazer-iturria. Zenbait modutara agertzen da musika Bea Salaberriren nobelan. Lehenik eta behin, modu esplizituan: protagonistaren bizi-ibilbidearen soinu-banda gisara (euskal musikaren bi hamarkadako laburpena dago bertan), baina baita gertakizunen parte gisara ere (kontzertuak...). Azpimarratzekoa da, ordea, modu askoz ere sotil eta intimoagoan agertzen denean: adi entzunez gero musika baitario kontakizunaren zenbait pasarteri, batez ere idazleak Laurendiaren larruan jartzen gaituenean. A... eta ez dut aipatu erritmoarena... Idazkeraren musika dario liburu honi.