2024 IRA. 21 Gabarrari buruzko argazki erakusketa Bilboko Itsasmuseumen ikusgai Bilboko Itsasmuseumen zabalgunean egongo den erakusketan Athleticen gabarrari buruzko iraganeko eta gaur egungo 42 argazki «txundigarri» daude, formatu handikoak eta bereizmen bikainekoak, azalpen laburrez lagunduta. «Sentimendua, zirrara eta indarra»; hitz horiek baliatu zituzten egitasmoaren «magia» azaltzeko, atzoko aurkezpenean. Jose Angel Iribar, Athleticeko atezain ohia, aurkezpenean egon zen erakunde ezberdinetako ordezkariekin. (Monika DEL VALLE | FOKU) GARA BILBO Leixuri Arrizabalagak, Bilboko Itsasmuseumeko presidente eta Euskara, Kultura eta Kirol foru diputatuak, Jose Angel Iribarrek, Athletic Clubeko ordezkari gisa, eta Nora Sarasolak, BBK Fundazioko zuzendariak, “Athletic Gabarra” erakusketa aurkeztu zuten museoko zabalgunean atzo eguerdian. Nabarmendu zutenez, erakusketa hau testigantza grafiko ezin garrantzitsuagoa da, gabarraren testuinguru historiko nahiz soziala ulertzeko. Era berean, batasun sentipen paregabea islatzen duen sinboloaren sorrera suspertu duten hiru ospakizunen erakusgarria da. Horregatik, BBK Fundazioak erakusketa babesten duela aipatu zuten, «kulturarekin eta kirolarekin daukan konpromisoaren adierazgarri». Erakusketa honi esker, gertaera historiko baten garrantzia berriro bizi, gogoratu, ezagutu edo ulertzeko aukera izango dute ikustera joaten direnek. Izan ere, egitasmoan azaltzen da Ingalaterrarekin izandako harreman estua, eta lotura horrek futbolaren inguruan piztutako interesa. Horrekin batera, Athleticen garaipenak ospatzeko sortu zen modua, eta gabarra bera Bilboko itsasadarrean oso presente dagoela gogora ekartzen du. Erakusketan, gizarte osoa ospakizun horietan nola murgildu eta hunkitzen den islatzen da; azpimarratu dutenez, futboletik harago doazen ospakizunak izan baitziren. «Sentimendua, zirrara eta indarra» izango lirateke ‘Athletic Gabarra’ erakusketaren «magia» azaltzeko erabili dituzten hitzak. SEI ATALETAN BANATURIK Ikusgai dagoen erakusketan iraganeko eta gaur egungo 42 argazki txundigarri daude, formatu handikoak (150 x 100 cm) eta bereizmen bikainekoak, azalpen laburrez lagunduta. Komunikabideetara igorritako oharrean diotenez, «irudiek ikusizko esperientzia eta bidaia murgiltzailea egiten dute gure oroimen kolektiboan, gure zirraran eta, zer esanik ez, Bilboko zein Bizkaiko historian zehar». Erakusketa sei ataletan banatuta dago: “Bilboko gabarra bat”; “Futbola baino gehiago”; “80ko hamarkada, krisiaren gogortasuna eta Athleticen pozak”; “1983. Gabarratik Athletic Gabarrara”; “1984. Txapelduna, txapelduna, txapelduna”; eta “Berriro ere, gabarra”. Azaltzen dutenez, “Bilboko gabarra bat” atalean portuko lanerako itsasontzi-mota horrek Bizkaiko itsasadarreko historian daukan garrantziaren testuingurua ematen du. “Futbola baino gehiago” atalak, berriz, kontatzen du Olabeagako Acero Club izan zela garaipen bat lehen aldiz gabarra batean ospatu zuena, eta horren ondorioz sortu zela abesti ospetsu hau: «Por el río Nervión bajaba una gabarra, rumba, la rumba...». “80ko hamarkada, krisiaren gogortasuna eta Athleticen pozak” atalean ikus daiteke Athleticen garaipenak aringarri izan zirela une historiko eta sozial gogor hartan. “1983. Gabarratik Athletic Gabarrara” atalean kontatzen da, lehen aldiz, gabarra itsasadarrean gora joan zela, orduko Athletic Clubeko zuzendaritza-taldeko kide Cecilio Gerrikabeitiaren ekimenez, 27 urteko lehortearen ondoren ligako titulua ospatzeko asmoz. “1984. Txapelduna, txapelduna, txapelduna” atalak 1984. urteko hirukoa du hizpide, eta gabarrak aurreikuspen guztiak gainditu zituela azaltzen du. Azken kapituluan, “Berriro ere, gabarra”, Kirmen Uribek, euskal kulturak munduan daukan ordezkari handienetakoak eta athleticzale amorratuak, idatzitako testu hunkigarria agertzen da. Lerro horietan, Kirmen Uribek bere idazlanetan ohikoa den sentikortasunaz azaltzen du nolakoak izan ziren 2024ko apirilaren 11n bizi izandako azken ospakizuneko zirrara eta giroa. Esan bezala, hitzordu ahaztezina izan zen, eta, bertan, Bizkai osotik eta munduko beste leku batzuetatik iritsitako milaka lagunek taldearekin egon nahi izan zuten. Edizio horretan adin guztietako jendea bildu zen, familia osoak, aitita-amamak euren ilobekin, lagun-taldeak… Askok une hori bizi ahal izan zuten duela 40tik gora urte, eta beste askok lehen aldiz bizi izan zuten egun horretan. Erakusketarako, zenbait funts publiko eta pribatutako artxibo grafiko ezezagunak berreskuratu dira; esate baterako, Aurtenetxe familiarenak, Athletic Club Museokoak, Udal Artxibokoak eta Euskadiko Artxibo Historikokoak. Ekoizpena Estudios Durerorena da, eta aurkeztu den “Athletic Gabarra” proiektua Itsasmuseumeko zabalgunean egongo da ikusgai, dike lehorraren alboan. Horrez gain, erakusketa ibiltaria izango da eta Bizkaiko hainbat eskualde eta tokitan izango da. BISITAK Itsasmuseumek gabarra ezagutzeko bisita gidatuak eskaintzen dizkie haren historia ezagutu nahi duten taldeei, familiei edo pertsonei. Hamar euro ordaindu behar da pertsonako; doakoa izango da 12 urtetik beherakoentzat eta familiek zein taldeek tarifa bereziak izango dituzte. TESTIGANTZAAurkezpenean nabarmendu zutenez, erakusketa hau testigantza grafiko bat da Gabarraren testuinguru historiko eta soziala ulertzeko.