2024 IRA. 21 Terrorista Estibalitz EZKERRA Literatur kritikaria Poeman bere aitaita terrorista bat zela esaten digu Mosab Abu Tohak. “Bere soroaz arduratzen zen, / patioko arrosak ureztatzen zituen, zigarretak erretzen zituen amamarekin / hondartza horian, bertan etzanda / otoitz tapiz batean bezala”. Jarraian terrorista bat zen bere aitaitak egiten zituen beste hainbat gauza azaltzen dizkigu Tohak: laranjak eta limoiak bildu, anaiekin arrantzan egin eguerdira arte, tea esnearekin edan bere sailetan. Halako batean terrorista bat zen aitaita “[b]ere etxetik joan zen, / etortzekoak ziren gonbidatuentzat,/ mahaian ur pixka bat utzita, / zuen onena, / gonbidatuak egarriz hil ez zitezen beren konkistaren ostean”. Poema amaieran esaten zaigu luxu bat iruditzen zitzaiola familiako hamar kideen ardura zuen aitaita terrorista hari kanpadenda bat izatea hilerri ondoko hondartzan, herdoiltzen hasitako mastatik Nazio Batuen Erakundeko bandera urdina zintzilikaturik zuena. Ironiaz dio Tohak aitaita terrorista bat zela. Bere ekintzek jaiotzen ikusi zuen lurrari zion atxikimendua eta errespetua agertzen dute. Tentsioa etxean sarturiko ustezko gonbidatu horiek eragiten dute, konkistak egarrituriko horiek. Toharen aitaitak, abegikortasun legeei jarraituta, ura eskaini zien lurrak lapurtuko zizkioten kolonoei, etxera bueltatu nahi izateagatik terrorista izendatuko zuten haiei. Tentsioa etxean sarturiko ustezko gonbidatu horiek eragiten dute, konkistak egarrituriko horiek