GARA Euskal Herriko egunkaria
SURF

Keoni Lasa zarauztarra txapeldun izan zen Angelun, Europako QS txapelketan

Europako QS zirkuituko laugarren txapelketa Angelun egin zen. Keoni Lasak eta Tya Zebrowskik irabazi zuten. Txapelketa bakarra falta da, QS itzulia amaitu eta CS mailara nor igoko diren erabakitzeko. Mutilen rankingeko buru jarri da Lasa.

Keoni Lasa, ikurrinarekin. Nesketan, Anette Gonzalez Etxabarri, urdinez. Behean, Yago Dominguez urdinez, Keoni Lasa berdez eta Adur Amatriain zuriz. (WSL.COM)

Keoni Lasa zarauztarra eta Tya Zebrowski tahitiarra izan ziren irailaren 20an Angelun amaitu zen Europako QS txapelketako irabazleak. 128 mutil eta 56 neska lehiatu ziren, QS itzuliko laugarren txapelketak eskaintzen zituen 3.000 puntuak eskuratzeko. Gogorra izan zen lehia, nahiz eta txapelketak iraun zuen artean olatuak oso txikiak eta ahulak izan ziren.

Mutilen kategorian finalera iritsi ziren lau lehiakideetatik hiru euskaldunak ziren, Lasarekin batera, Adur Amatriain eta Yago Dominguez ere finalean izan baitziren. Nesken kategorian, Annette Gonzalez Etxabarri zumaiarra izan zen finalera iritsi zen euskaldun bakarra eta bigarren postuan geratu zen.

Txapelketa bakarra falta da Europako 2024-2025 QS itzulia amaitzeko. Azken txapelketa Portugalen egin ohi da udaberrian, baina oraindik ez dute baieztatu denboraldi honetan ere horrela izango den, ezta itzuliari amaiera emango diona Portugalgo txapelketa bakarrik izango den ere, posible baita udaberrian QS mailako beste txapelketa bat egitea. Edonola, gaur egun ezer ez da ziurra.

QS zirkuituko azken txapelketan, edo txapelketen ondoren, mutilen rankingeko lehenengo zazpi postuetan diren lehiakideak eta nesken rankingeko aurreneko lau lehiakideak Challenger Series mailara igoko dira.

Angelun eskuratutako emaitzei esker, euskal surflariek gora egin dute nabarmen Europako QS rankingean. Lasa rankingeko buru da egun, Amatriain hirugarren postura igo da eta Dominguez laugarren postuan da.

Nesken kategorian, ostera, Annette Gonzalez Etxabarri bigarren postura igo da. Honenbestez, oraintxe bertan Europako QS itzulia amaituko balitz, lau euskal surflari igoko lirateke bigarren mailara. Finean, hori da QS mailan lehiatzen diren surflarien helburua, CS mailara igotzea.

KEONI LASA

Bide luzea egin behar izan zuen 19 urteko zarauztarrak, txapela eskuratzeko. Urtebete zaharragoa den Adur Amatriain zarauztarrarekin eta 22 urteko Yago Dominguez algortarrarekin batera, sei erronda pasatu behar izan zituen finalera iristeko. Lasak bere bi olatu hoberenekin 8’44 puntu eskuratu eta txapela irabazi zuen.

Bigarren postuan, 8’10 punturekin, Amatriain geratu zen. Hirugarren tokian, 7’74 punturekin, Jacobo Trigo kantabriarra. Eta laugarren postuan, 5’93 punturekin, Dominguez.

Finalera iritsi ziren lau lehiakideetatik altuena zen Dominguez, eta, olatuak oso txikiak zirenez, bere arerioek baino zailagoa zuen ariketak egiteko. Hala ere, maila ederra erakutsi zuen, eta halako baldintzetan finalera iristeak forma onean dagoela erakusten du. Amatrianek eta Lasak, ostera, ongi baliatu zuten haien arintasuna, ariketa oso indartsuak eta airekoak egiteko.

Angelukoa aurtengo QS itzuliko laugarren txapelketa europarra zen, baina txapelketa garrantzitsua zen. Itzuliko lehen bi txapelketak 1.000 puntukoak izan ziren, baina abuztu amaieran Pantinen egin zen lehiaketak eta joan den astean Angelun egin zen txapelketak balio hirukoitza zuten, 3.000 puntukoak baitziren. Adibidez, 1.000 puntuko txapelketa bat irabazteak baino puntu gehiago ematen ditu 3.000 puntuko txapelketa batean finalera edo finalerdietara iristeak.

TYA ZEBROWSKI

Sekulako denboraldia egiten ari da tahitiarra. Aurtengo QS itzuliko lehen txapelketa europarrean bera gailendu zen Ingalaterran. Itzuliko hirugarren txapelketa ere berak irabazi zuen Pantinen. Eta Angelun jaun eta jabe izan zen, Europako txapelketaz gain, irailaren 13an Angelun egin zen gaueko txapelketa ere berak irabazi baitzuen. Beste datu esanguratsu bat: Hossegor eta Tahiti artean bizi den Tya Zebeowskik 13 urte ditu.

Bost erronda pasatu ondoren finalera iritsi ziren lehiakideen artean zegoen Annette Gonzalez Etxabarri, eta bigarren geratu zen. Emaitza horri esker, zumaiarra rankingean bigarren postura igo da. Aurtengo denboraldian ez du zorte handirik izan. Beraz, behar zuen halako emaitza on bat goiko postuetara igotzeko.

Hirugarren tokian Anat Lelior israeldarra geratu zen Angelun, eta rankingean laugarren postura igo da. Angelun laugarren postuan geratu zen Teresa Bonvalot portugaldarra, ostera, bosgarren tokian da egun Europako QS rankingean. Hirugarren postuan, Noah Klap alemaniarra dago. Hartara, oraintxe bertan itzulia amaituko balitz, Zebrowski, Gonzalez Etxabarri, Klap eta Lelior igoko lirateke Challenger Series mailara.

Datozen egunetan bi txapelketa garrantzitsu egingo dira Europan. Irailaren 29tik urriaren 6ra CS mailako txapelketa egingo da Portugalen. Han izango dira Nadia Erostarbe eta Janire Gonzalez Etxabarri. Bestalde, irailaren 25etik 28ra Europako Junior txapelketa egingo da Galizian.