2024 IRA. 24 Elkarrizketa Elena Irureta Aktorea, Zinemira saria «Aktore bezala txiripaz ari naizen sentsazioa dut» Eskertuta hartu du Elena Iruretak Zinemira saria, nahiz ez den fokupean egon zalea. Gaur jasoko du garaikurra. Pantaila handian zein txikian eta eszenatokian egindako ibilbide luzea eskertu nahi diote EPE eta IBAIA ekoizle-elkarteek. Oraindik ez du ulertzen hainbeste maite duen eta hain gorabeheratsua den ofizioan nola jarraitu duen orain arte. (Andoni CANELADA | FOKU) Xole ARAMENDI DONOSTIA Elena Iruretak (Zumaia, 1955) ez du aurkezpen handirik behar. Hamarkada luzez ikusi dugu telebistan zein zineman. Antzerkian gutxiago. “Bi eta bat”, “Jaun ta jabe” eta “Martin” telesailetan parte hartu zuen. Madril aldean “El comisario” telesailak egin zuen ezagun. Pantaila handian Jose Mari Zabalaren “Axut” (1975) lan esperimental ezagunean egin zuen lan. Ondoren, euskal zinemaren garapenean presentzia nabarmena izan zuen “Albaniaren konkista” (1983) lanetik aurrera. Bere lanik garrantzitsuenak Juanma Bajo Ulloa, Julio Medem eta Iciar Bollainen aginduetara egin zituen. Dena den, Asier Altunak eta Telmo Esnalek markatu dute bere ibilbide zinematografikoa. Nola ahaztu, “Aupa Etxebeste!” (2005) eta “Agur Etxebeste!” (2019), bere neurrira egindako paperean. Ezustean hartu zuen deiak. «Inoiz ez duzu horrelakorik espero. Ez duzu pentsatzen sari bat jasoko duzunik. Zergatik? Nahikoa sari bada lanean jarraitzea, zeren hain zaila da lan bat bestearekin kateatzea… Urte asko daramatzat; beti daukat sentsazioa txiripaz ari naizela aktore bezala eta harrigarria da hainbeste urtean jarraitu izana», aitortu du. Arrotz ikusi du bere burua iruzurtiaren sindromearen eraginpean, nolabait. Ibilbide luze eta emankorraren jabe zara. Agian ez zara kontziente?, galdetu diogu. «Ez, ez naiz kontziente. Zaharra naizela bai, eta lan asko egin dudala ere bai, baina horretaz aparte errekonozimendurik… Batetik, pentsatzen dut beste ofizioetan jendeak bere lana ondo egiteagatik ez daukala horrelakorik. Zinema industria da, eta mugitzeko modua da. Noski, asko eskertzen da. ‘Ondo ari zara, jarraitu horrela’ esanez bizkarrean ematen dizuten animo kolpetxoa bezalakoa da». ZUMAIAN BEZALA, INON EZ Adeitsu hartu gaitu Elena Iruretak. Zumaian, non bestela. Jaioterria ez dauka saltzeko, ezta zumaiarrak ere. Elkarrizketa egiten ari garela etengabeak dira «zorionak!» esanez aktorea agurtzen duten herritarrak. Lan proiektuak galtzera iritsi da, baina garbi du, bertan baino hobeto beste inon ez. «Ez dut Madrilen bizi nahi. Serieengatik inoiz egon izan naiz, baina ez dut nire burua han ikusten. Zumaian edo Donostian bizi izan naiz beti». Bizitza osoa maleta atzera-aurrera. «‘Los hijos’ obran funtzio bat egiteak bost eguneko joan-etorria suposatzen zidan niri. Madrilera joan, han gaua egin, gero konpainiako kideekin Murtziara, adibidez. Eta buelta. Utzi egin behar izan nuen. Leher eginda nengoen, nekea izugarria da», azaldu du. Aktoreen bizimoduaren benetako irudirik ez daukagu. «Ez, horixe! -esan du- %93ko langabezia dago Estatuan. Kristorena da. Normalean aktore batek bigarren lan bat izan behar du». Berak ere hori pentsatuta ireki zuen Artadin Landarte landetxea. Bi hamarkadan aritu zen bertan lanean. «Ez da erraza lana izatea eta oraindik ez dut ulertzen nola bizi naizen honetaz. Hilabete asko pasatzen dituzu proiekturik gabe. Kobratzen duzunarekin ere kontuz ibili behar duzu, ez dakizu hurrengo noiz gertatuko den. Eta bitartean zer egin pentsatzen; ezin zain egon». Oholtzetan gutxiago aritu da. «Zaila egiten zait. Aizpea Goenaga, Ane Gabarain eta Loli Astoreka oso lagunak ditut eta beraiekin bakarrik egingo nuke. Hemen eta lagunekin», esan du garbi. Gainera, antzerkia oso gaizki ordainduta dago betidanik. Bai hemen, bai Madrilen». Hogei urterekin gauzak bestela ziren. «Zer ez genuen egiten? Poz-pozik gainera! Lehenengo kamioia kargatu, iritsi, deskargatu, dena muntatu, funtzioa egin -hori gutxienekoa zen-, berriz dena desmuntatu, kargatu eta Martutenen kamioia hustu berriro. Gustura ibiltzen ginen. Eskuak zikin-zikin eginda. Kamerinorik ez eta edonon makillatzean aurpegia dena belztuta bukatzen genuen. Esperientzia oso polita da. Denetarik ikasi behar duzu. Gaur egun ez da gauza bera, 69 urte ditut». Lanerako zer nahiago? «Telebistan lan egitea pila bat gustatzen zait, azkarra da. Grabazio aldetik-eta biziagoa da. Nola hor hasi ginen, gustuko dut. Zinema ere bai, baina askotan luze egiten zaizkizu errodajeak. Egunean 12 ordu sartzen dituzu, eta segun ze eguraldi egiten dizun, aguantatu egin behar. Horrela da. Badakizu epe baterako dela eta aurrera egiten duzu. Zuzendariek nahi zutena lortzen badute, ez dago batere gaizki. Baina askotan gogorra da». Idatzi ere egin izan du. “Ama begira zazu” antzezlanean Kontxu Odriozolarekin batera sortu zituen esketxak. Mikel Garmendia eta Jose Ramon Soroiz zituzten taldekide. «Laburra izango zelakoan, jendeari gustatu eta denbora pila bat eman genuen, furgonetarekin atzera-aurrera Euskal Herriko herriak ezagutuz», esan du. “Hau da A.U.” eta “Beni eta Marini” telesailak ere sortu zituen Aizpea Goenagarekin. EUSKAL HERRIAN LAN GUTXI Euskal Herrian lan egiteko aukerarik baduen galdetuta, hauxe erantzuna: «Gutxi. Nik gustura egingo nuke fikziozko proiekturen bat, baina asko eta asko deitzen didate, baina beti beraien programak betetzeko da. Sukaldaritza saioa dela… Gaizki iruditzen zait ezezkoa ematea, baina ez naiz hor ikusten… ‘Zu zure lana egiten ari zara, baina hori ez da nire lana’, esaten diet. Majo-majo deitzen didate eta askotan apuroa ematen dit ezetz esateak, baina hobe dut». «Penaz» bizi du ETB1en egoera. «Lehen zenbat lan egin izan dugun! Ez naiz ni bakarrik. Hainbeste aktore dago hemen, kamerak, denetarik, lan egingo luketenak. Ze pena ez dutela fikziorik egiten! Jende askok egiten du lan EiTBn eta aurrekontua ikaragarria izango du… Ez da iritsiko denerako, baina orduan ze telebista daukagu piztu eta pilota partidak bakarrik dituzunean? Ze telebista egiten ari gara?». Zinemak gurean bizi duen errealitatea jarri dugu mahai gainean. «Badaukat hurrengo urterako proiektu bat, baina nik ez nuke zinema Euskal Herrian loratzen ari dela esango. Bizkaian-eta laguntzak ematen dira bertan filmaketak egiteko, kanpotik etortzen ari dira, baina ez dakit, euskaraz ez dira hainbeste estreinatzen». Antzerti Eskolako lehen promozioko kidea izan zen Irureta. Garai haietara egin dugu atzera. «Ikasle txarra nintzen. Lagun batek eta biok antzerki emanaldiak egiten genituen eskolan. Dentista batekin lan egin eta Madrilera joan nintzen Artes y Oficios ikastera. Londresen urtebete au-pair bezala egon eta bueltan Antzertin izena eman nuen. 23-24 urte nituen eta ez nekien nondik nora jo. Hartu ninduten eta beka batekin hiru urte egin genituen. Ze ondo pasa genuen! Beti pentsatzen genuen ‘ze pena laster bukatuko dela’. Antzerki obrak egiten hasi ginen eta Txirri, Mirri eta Txiribitonek abenturak idaztea eskatu ziguten Aizpeari [Goenaga] eta bioi. Idatzi bai eta beste bi pertsonaia sartu ere bai. ‘Pantera beltza azaltzen da ikuskizunean’, esaten genuen guk. ‘Zer pantera?’, galdetzen ziguten. ‘Hori Aizpeak edo nik egingo dugu’. Haiek ontzat eman eta eurekin bira egin genuen Euskal Herrian zehar! Eskola bukatu eta jada bagenuen lana». [Barrez] Etxekoei kosta egiten zitzaien sinestea. «Gure aitak esaten zidan ‘Egia esadazu, ordaindu egiten dizute?’ Ezin zuen sinetsi txorakeriak egiten dirua irabaztea». BARREA ERAGIN Beti izan du komediarako joera. «Grazia egiten dizu egiten duzunak eta ondo pasatzen duzu egiten. Pozgarria da. Drama tokatzen zaizunean ere bai, noski, baina beste alde batera joan behar duzu. Gustatzen zait egiten dudana eta hori loteria da. Bizi ahal izatea zuri gustatzen zaizun zerbait egiten, luxua da. Pertsonaia eraikitzea ere lan polita da. Eta ikusten duzunean jendeak gustuko duela, edo ez -nire urduritasunak ere pasa izan ditut-. Pozgarria da komentarioak entzutea, jendearentzat egiten duzu lana». Karrerarekin gustura? «Batzuetan ikusten ditut gauza batzuk, hobe ez ikustea» [barrez]. Beti saiatzen zara ahalik eta ondoen egiten, baina daukazun testuaren arabera, sálvese quien pueda». Telmo Irureta ilobak ere haren bideari jarraitu dio. Betirako oroimenean iltzatuta du “La consagración de la primavera” filmeko lanagatik irabazitako Goya saria berak eman zion unea. «Emozio handia sentitu nuen. Nire karrerako unerik onena izan zen saria berari ematea. Izugarria izan zen!», aitortu du begiak bustita. EUSKAL ZINEMA «Badaukat hurrengo urterako proiektu bat, baina nik ez nuke zinema Euskal Herrian loratzen ari dela esango» ETB1 «Lehen zenbat lan egin izan dugun! [ETB1en] Ze pena ez dutela fikziorik egiten (...) Ze telebista daukagu piztu eta pilota partidak bakarrik dituzunean? Ze telebista egiten ari gara?»