GARA Euskal Herriko egunkaria
ATHLETIC

«Aurpegi onarekin» abiatuko du Europako ibilbidea Erroman

Ligako azken hiru partidak jarraian irabazi ondoren, zuri-gorriek aste biribila izan dute eta emaitzen bultzadarekin iritsiko dira osteguneko lehiara.

Guruzetak bi gol egin zituen Celtaren aurka. (O. MATXIN EDESA | FOKU)

«Ez dut gogoratzen horrelako aste bat, non Ligako hiru partida dituzun eta hirurak irabazten dituzun». Ernesto Valverdek hitz horiekin aitortu zuen Athleticek azken bederatzi puntuak jarraian lortzeak duen garrantzia. «Europako txapelketaren hasierari aurpegi onarekin aurre egiten laguntzen digu horrek», gaineratu zuen. Izan ere, sei urteren ondoren, Erromako estadio olinpikoan arituko da Athletic ostegun honetan.

Celtari irabazi ondoren, joan den astea «funtsezkoa» zela esan zuen Valverdek, onartu baitzuen Las Palmasera «estu samar» iritsi zela taldea, irabazteko beharrarekin. Bederatzi puntu jarraian lortu ostean, guztiz ezberdin begiratzen diote etorkizun hurbilari. Ligako sailkapenaren goiko postuetan kokatu da Athletic; hain zuzen, hirugarren tokian, gainerako aurkariek baino partida bat gehiago jokatu duten arren. Lehia guztiak irabazi dituen Bartzelona, eta Real Madril bakarrik daude zuri-gorrien gainetik.

Sancetek maila bikaina eman du liga hasieratik, baina erasoko gainontzeko jokalariak golik egin gabe heldu ziren bosgarren jardunaldira. Hiru gol bakarrik zeramatzan talde zuri-gorriak, eta zortzi egin ditu azken hiru partidetan. Etxetik kanpo lortutako lehen garaipenean Nico Williamsek denboraldiko lehen gola egin zuen, eta Iñakik hiru pase erabakigarri eman zituen.

Bederatzi zenbakia soinean daraman aurrelariak Leganesen lortutako garaipenean egin zuen lehen gola. Bestalde, Guruzetak -joan den kurtsoko golegile nagusiak- denboraldiko lehen bi golak egin zituen Celtaren kontra, eta Djalok lehena egin zuen kamiseta zuri-gorriarekin. Erasoan talde indartsua daukala erakutsi du Athleticek azken norgehiagoketan.