2024 IRA. 26 Kosta ahala kosta bere buruaren jabe, azken hatsa eman arte Ni Ni eta Zhou You aktoreak, atzo, Kursaaleko terrazetan. (Gorka RUBIO | FOKU) XOLE ARAMENDI DONOSTIA Bere buruaren jabe izatea. Azken hatsa eman arte. Kosta ahala kosta. Hauxe da “Bound in Heaven” (Zeruari lotuta) filma txinatarraren protagonistetako batek hartu duen erabakia. «Ez dut nire patua beste inoren esku utziko», esan du, tinko. Bidea ez da, inondik inora, erraza izango. Ondoan, erabakia azken muturreraino eramaten, lagun izango du bikotekidea. Egoera lazgarria bizi du emakumeak etxean, elkar ezagutu aurretik. Bortxak markatua, bikote erasotzaileak eragindako amesgaizto betean. Harengandik betiko ihes egiteko ahaleginean, maitasun istorioa biziko dute protagonista biek. Egun batean, gaixo dagoela eta hiltzera doala aitortuko dio gizonezkoak. Bizitzari zuku osoa aterako diote, azken tantara arte. Erritmo lasaiagoa unetan, biziagoa hurrena, narrazioa ezustekoz beteta dago. Irudi ederrez jositako lana ondu du Huo Xin-ek bere lehen film luzean. Hiria eta landa, biak ditu kokagune istorioak, garaiaren arabera. KURSAALEN OIHU Zuzendaria, ekoizleak eta hiru aktore nagusiak -Ni Ni, Zhou You eta Liao Fan- Kursaaleko proiekzioan egon ziren, ikusleen erreakzioak bertatik bertara ikusten. Publikoak txalo artean jaso du filma. Irribarrea aurpegian marraztuta, berak gorpuztutako pertsonaiak pelikulan bezala, oihu askatzailea egin zuen Zhou Youk. Aurretik badu eskarmenturik gidoigintzan Huo Xinek. Beste zenbait izenbururen artean, “Sunflower” (Zhang Yang, 2005) idatzi zuen, Zilarrezko Maskorra eskuratu zuen lana. Filmak izenburu bereko Li Xiuwen liburua du oinarri. «Duela ia hogei urte idatzi zenez, gaurko egunera egokitu behar izan dut. Zentzu soziala ere badauka, eta garai hartako testuingurua oso ezberdina da. Erronka asko aurkitu ditut bidean, baina uste dut hau zela modurik onena», azaldu zuen zuzendariak, literaturatik zinemara egin duen bideaz. Zhou Youk kilo asko galdu behar izan ditu bizitzaren azken uneetan dagoen pertsonaia jokatzeko. «Gidoia irakurri eta pertsonaiak presio handia ekarriko zidala pentsatu nuen. Lanean hasi eta are handiagoa izan zen. Beldurra eta tentsioa nola konpondu? Ezin nuen ezer egin. Zuzendariaren eskuetan jarri nintzen. Denen laguntza eskatu eta aurrera egin nuen». Ondoan, Ni Ni aktorea hunkituta agertu da filmean parte hartzeagatik. «Zhou You ezagutzean, estilo handiko gizona irudi zait. Hiri berekoak gara, eta lotura sortu zen gure artean. Oso eskertuta nago. Elkarri asko lagundu diogu. Egia esan, oso urduri egon nintzen bera filmaketaren amaieran hain argal ikusita, baina psikologikoki lagundu zidan nire pertsonaia jokatzeko orduan». Ni Nik lehen aldia du Huo Xinekin lan egin duena. «Eroso egon naiz, atsegina izan da filmaketa. Hasieratik konfiantza eman dit. Beste pertsonaiei dagokienez galdera asko zeuden. Pertsonaia oso desberdinak dira, aurretik egindako edozein pertsonaiarekin alderatuta. Zuzendaria oso sentibera da eta begiradaz behar duena adierazten dizu, ez du hitzen beharrik. Narratiba poetikoa da berea eta oso zaila zen niretzat, nola espresatu?». POETIKOA«Zuzendaria oso sentibera da eta begiradaz behar duena adierazten dizu, ez du hitzen beharrik. Narratiba poetikoa da berea eta oso zaila zen niretzat, nola espresatu?», azaldu zuen bere prozesua Ni Ni aktoreak.