GARA Euskal Herriko egunkaria

Leonardo Torres Quevedoren ingeniaritza asmakizunak, Itsasmuseumen

“Leonardo Torres Quevedoren itsas ingeniaritza, bere garaiko asmatzailerik miragarrienaren lanean” erakusketa ikusgai dago azaroaren 24era arte Bilboko Itsasmuseumean. Ingeniari honen bizitza eta obra biltzen dituzten hamabi panelek osatzen dute erakusketa, testuez eta irudiez, zenbait maketa eta beste objektu batzuez.


Jon Ruigomez Matxin, Itsasmuseumeko zuzendariak, eta Francisco A. Gonzalez Redondo, erakusketaren komisarioak, Leonardo Torres Quevedoren lana goraipatu eta balioa eman nahi izan zioten atzo erakusketaren aurkezpenean; izan ere, pertsonari buruzko ezagutza ez da bere asmakizun eta ikerketen garrantzia bezain handia. Besteak beste, ekuazio aljebraiko konplexuak ebazteko kalkulagailu bat eta konplexutasun handiko xake-jokalari automata bat diseinatu zituen. Aurrerapen teknologiko horiek baliatuta, nabigazioaren arloko asmakizun handiak ere egin zituen. “Le Figaro” egunkariak «bere garaiko asmatzailerik miragarriena» bezala deskribatu zuen 1930. urtean.

Leonardo Torres Quevedo 1852ko abenduaren 28an jaio zen Santa Cruz de lguñan, gaur egungo Kantabrian. Haren aita, Luis Torres de Vildosola y Urquijo, bide ingeniari bilbotar bat zen; ama, berriz, Valentina Quevedo de la Maza zuen. Jaio eta bost egunera joan ziren gurasoak Bilbora. Gero aitaren lan kontuak zirela-eta, ahaide batzuen kargura geratu zen; zehazki, Concepcion eta Pilar Barrenechea Lapaza, Vargasko markesen eskuetan. Barrenechea sendiaren jaraunsle unibertsal deklaratu zuten Leonardo, eta 1868an Parisko Chaptal eskolara bidali zuten. Hain zuzen, hiri horrek jasoko, onartuko eta zabalduko zituen haren sorkuntzak urte batzuk geroago.

Madrilgo Bide Ingeniarien Kidegoaren Eskolan sartu zen 1871n, eta ikasketak 1876an amaitu zituen. Aitak bezala, Sevilla-Huelva trenbidean ingeniari jardun zuen zenbait hilabetez. Baina, jasotako herentziari esker, lana utzi eta «bere gauzetan pentsatzen» aritzea erabaki zuen. Hala, Europan barrena bidaiatzen eta ikasten ibili zen, eta Madril, Bilbo eta Paris izan zituen bizilekuak. Baita lguñako Harana ere. Han ezkondu zen 1885ean Luz Polanco Navarrorekin, eta hantxe hasi zen bere lehen asmakizuna lantzen: transbordadorea. Bere etxearen inguruetan bi eredu probatu ondoren, 1887an sistemaren patentea aurkeztu zuen -eta onartu zuten- Austrian, Alemanian, Erresuma Batuan, AEBetan, Espainian, Frantzian, ltalian eta Suitzan, eta honek mundu mailako ingeniari aeronautiko gisa kokatu zuen XX. mendeko lehen hamarkadetan. Transbordadore baten aurreneko obrak hasi zituen Pilatus mendian (Luzerna, Suitza), baina gaitzespena eta iseka besterik ez zituen jaso, eta porrot egin zuen proiektuak. Hogei urte geroago, 1907an, pertsonentzako munduko lehen teleferikoa inauguratuko zen Donostian, Ulian; 1916an, berriz, Niagarako transbordadorea, Ipar Amerikako lehen teleferikoa pertsonentzat.

1901ean globo gidatuekin aire nabigazioko arazoari konponbidea ematen saiatu zen Leonardo. Frantzian bi patente berri aurkeztu zituen 1902an. Lehenengoa, ontzitxoaren barruan esekidura duen globo gidatu autozurrun mota berri bat zen. Bigarrenak, telekinoa delakoaren diseinua jasotzen zuen, historiako lehen urrutiko kontrolagailu osoarena, ur azaleko ontzien, urpeko torpedoen eta lurreko ibilgailuen maniobrak eta, batez ere, globo gidatuen probak giza bizitzak arriskuan jarri gabe irrati bidez kontrolatzeko asmatua izan zena.