2024 IRA. 28 Patronalari eta sindikatuei gutxieneko soldata negoziatzeko deia egin die Torresek GARA GASTEIZ Mikel Torres Lakuako Ekonomia, Lan eta Enplegu sailburuak patronalari eta sindikatuei dei egin zien, EAEko egungo errealitatera egokituko den lanbide arteko gutxieneko soldata (SMI) adosteko «lehenbailehen negoziatzen» has daitezen. Nerea Kortajarena EH Bilduko legebiltzarkidearen galderari erantzunez egin zuen Torresek eskaera. Kortajarenak aitortu zuen gustatu zitzaiola Torresi entzutea EAEko langileen soldatak errealitate sozioekonomikora egokitu behar direla -legebiltzarreko batzordean egin zituen adierazpenok Torresek-, baina ohartarazi zuen hori gauzatzeko ezinbestekoa dela «tresnak eta bermeak izango dituen estatus berri bat». Bigarren lehendakariordeak esan zuen EH Bildu «tematuta» dagoela «euskal herritarrei interesatzen ez zaien eztabaida batean». Bere hitzetan, estatus berriaren debateak ezkutatzen du EAEk, eskumenei esker, politikak garatzeko duen ahalmena. «Subiranotasunak ez ditu per se hobekuntza sozialak ekartzen», esan ondoren, Mikel Torresek berretsi zuen egungo eskumenekin «enpleguaren kalitatea hobetzeko» lan egingo duela. «Hori dela eta, Euskadin lanbide arteko gutxieneko soldata ahalbidetuko duen akordio interprofesionala sustatzen ahaleginduko naiz, eta hemendik dei egin nahi diet sindikatuei eta euskal patronalari negoziazioak lehenbailehen has ditzaten», adierazi zuen Gasteizko Ganberan. ABSENTISMOA Bestalde, lan absentismoaren inguruan patronalek hartu duten diskurtsotik aldendu zen Torres. EAEn «ez zaio lanera joateari uzten nahita», baizik eta «hitzarmen batek, lege batek, edo mediku batek hori babesten duelako», baieztatu zuen Lakuako Lan eta Enplegu sailburuak.