GARA Euskal Herriko egunkaria

Erretreten erreformaren aurka, sindikatuak karrikara doaz asteartean

Urriaren lehenean, asteartearekin, abiatuko dira Buxeta eta Gizarte Segurantzari buruzko eztabaidak Asanblea Nazional frantsesean. Egun horretan bertan sindikatuak erretreten erreforma alboratzea galdetzeko mobilizatuko dira, gaiak berriz salto egin baitu aktualitate politikora. Baionan hitzordua eman dute, 10.30ean, Santa Ursulan.

Erretreten erreformaren kontra Baionan egindako protesta baten artxiboko irudia. (Guillaume FAUVEAU)

Urriaren 1ean, asteartearekin, hasiko dira Estatuko eta Gizarte Segurantzako aurrekontuei buruzko eztabaidak Asanblada Nazional frantsesean eta, hala, erretreta adina 62 urtetik 64ra gibelatu duen erreformaren indargabetzea irabazteko unea dela sinetsirik, sindikatuek egun berean mobilizatzeko deia zabaldu dute.

Goizeko 10.30ean hitzordua eman dute CGT, FSU, LAB, Solidaires eta USL lizeoko ikasleen sindikatuak, Baionako Santa Ursula plazan. Hexagono mailan zein Ipar Euskal Herrian lehen indarra den CFDT sindikatuak ez du, gaur-gaurkoz, deialdia sostengatu.

Mobilizazio horren bidez sindikatuek presioa gehitu nahi dute, Parisen gori-gori den eztabaida politikoa baldintzatzeko esperantzaz.

Uztaileko boza legegileek utzitako emaitzen aitzinean ez ikusiarena eginez, Michel Barnier lehen ministro gisa hautatu zuen Emmanuel Macronek. Gobernua osatu berri du hauteskunde horietan laugarren heldu zen Errepublikanoak (LR) alderdiko kide den lehen ministroak. Lantaldea osatu eta berehala, Eliseoko maizterrak eskuin muturrarrekin landuko duen harremanari buruzko «auzi korapilatsua» mahai gainean jarri da. Auzi garrantzitsua da, legealdiaren jarraitutasuna bermatzeko ezinbestekoa izanen baita.

LE PENEKIN BILERA

Antoine Armand Ekonomia ministro berriak «eremu errepublikanoan» kokatzen diren alderdi guztiekin mintzatzeko prest zela azaldu zuen kargua hartu eta gero, gisa honetan RN alderdi ultra alboratuz.

Adierazpenek ezinegona sortu zuten eskuin-muturrean eta, giroa berriz eztitzeko, Marine Le Peni telefonoz deitu zion irailaren 24an, iragan den asteartean. Michel Barnierrek argi utzi zuen ez diola muzin eginen RN alderdiarekin elkarrizketak izateari.

Alta, beste gobernukide batek, Agnes Pannier-Runacher Ekologia ministroak, Armandek markaturiko ildo beretik jo zuen, RN alderdiaren ideiak «arriskutsuak» direla esanez.

Anartean, boz legegileak irabazi zituen Fronte Popular Berriak (NFP) kritika gogorra egin zion Barnier lehen ministroari. François Hollande presidente ohiaren erranetan, larria da gobernuburuaren jokabidea. «Michel Barnierrek eskuin-muturraren babesaren pean gobernatzen du», gehitu zuen asteazkenean PSko buru Olivier Faurek, BFM telebista katean zelarik.

LEGE PROPOSAMENA

RNk ere erretreten erreformari buruzko eztabaida markatzeko asmoa du. Dagoeneko iragarri du erreforma bertan behera uzteko lege proposamena aurkeztuko duela urriaren 31n Asanblea Nazionalean.

Ekimen horrek ataka larrian jar dezake Gobernua. Gisa berean, NFPko alderdiek erabaki zaila dute, ezkerrak RNren proposamena babestuz gero, kasik ziurtzat eman daitekeelako erreforma bertan behera geldituko litzatekeela. Momentuz, PSk erran du ez duela RNren proposamenaren alde bozkatuko.

Behin betiko erabakien zain, zerbait ziurra da: ondoko asteotan, berdin karriketan zein parlamentuan, erretreten erreformari buruzko eztabaida berotuko da.