GARA Euskal Herriko egunkaria
TXIKI ETA OTAEGI FUSILATU ZITUZTENEKO 49. URTEURRENA

Independentziarako bidean, herria aktibatzera deitu du Sortuk

«Independentziara bidean jauzi egiteko» parez pare zabaltzen ari den aukera aprobetxatzera deitu zuen Sortuk atzo Azpeitian, Txiki eta Otaegiren fusilamenduen 49. urteurrenean egindako ekitaldi nazionalean. Indar abertzaleak nabarmendu zuen «funtsezkoa» izango dela «herria aktibatzea, mobilizatzea eta indarrak norabide berean batzea».

«Irrintzi bat dabil» lelopean, ekitaldi nazionala egin zuen atzo Sortuk, Azpeitian. (Jagoba MANTEROLA | FOKU)

Txiki eta Otaegi fusilatu zituzteneko 49. urtemugan, ekitaldi nazionala egin zuen Sortuk Azpeitian atzo, “Irrintzi bat dabil” lelopean. Bertatik, «independentziara bidean jauzia egiteko» irekitzen den aukera baliatu eta «herria aktibatzea eta indarrak norabide berean batzea funtsezkoa» izango dela nabarmendu zuen indar abertzaleak.

Euskal Herri osoan zehar dozenaka mobilizazio antolatu ostean, atzo Azpeitiko Soreasu antzokian egindako ekitaldian, irailaren 27a ezker abertzalearentzat data seinalatua dela nabarmendu zuen Oihana San Vicente Sortuko Nazio Kontseiluko kideak, eta Txiki eta Otaegiren borrokak utzitako ondarearen gaurkotasuna azpimarratu zuen.

Egungo egoerari begiratuta, unea «aprobetxatzearen garrantzian» jarri zuen azpimarra. Bere hitzetan, ezker abertzaleak une bakoitzeko egoera politikoa irakurtzen asmatu du: «Hasieran 78ko erregimenaren iruzurra guk bakarrik salatzen bagenuen ere, gaur herri honen gehiengoak, Kataluniako herritarren gehiengoak, eta Estatuko gero eta sektore sozial zabalagoek partekatzen dute».

«Orain, Euskal Herriaren nazio izaera aitortu eta gure burujabetza maila handitzeko aukera leihoa parez pare dugu irekita. Momentua eta aukera aprobetxatu beharra dago», adierazi zuen San Vicentek. Berretsi zuen, era berean, «aberastasunaren banaketan eta justizia sozialean oinarritutako alternatiba» dela Sorturena: «Euskal Herri independentea nahi eta behar dugu, nazioa garelako, eta euskal herritarrontzako bizitza hobeak eraiki nahi ditugulako».