2024 IRA. 30 Toryek buruzagi berria eta ildo politikoa hautatuko dute Birminghamen GARA LONDRES Britainia Handiko kontserbadoreak atzotik bilduta daude, uztaileko hauteskundeetako porrotaren ondoren buruzagi berri bat aurkitzeko eta eskuin muturraren gorakadaren aurrean zer egin aztertzeko. Kongresua asteazkenera arte egingo da Birminghamen, Ingalaterra erdialdean, toryek azken mende honetako porrot larriena jasan eta hiru hilabetera. Hamalau urtez agintean egon ondoren, Komunen Ganberako hautetsien bi heren galdu zituzten, 2019. urtearekin zituztenekin alderatuta. Kontserbadoreek euren hurrengo buruzagi politikoa hautatu behar dute, Rishi Sunak lehen ministro ohiaren ondorengoa izango dena. Azaroaren 2an izendatuko dute, baina lau hautagaiak oholtzara igoko dira lehenik, beren argudioak plazaratzeko. Nork konbentzituko ditu militante gehiago, Kemi Badenoch, Robert Jenrick, alderdiko eskuineko bi hautagai eta faboritoek? James Cleverly eta Tom Tugendhat zentristagoek? Bide batez, bere ildo politikoa erabaki beharko du, eskuin gogorraren eta erdigunearen artean. Aukeratu egin beharko da Nigel Farage eskuin muturreko Reform UK alderdiko hautesleengana itzultzea edo LibDem alderdi zentristari botoa eman diotenei keinu egitea. LABORISTAK Gobernu laboristan ere ez da giro. Rosie Duffield diputatuak dimisioa eman zuen asteburuan Alderdi Laboristan, Keir Starmer Britainia Handiko lehen ministroari «hipokrita» izatea eta politika «krudel eta alferrikakoak» egitea egotzita. Beste zazpi diputatu talde mistora pasatu dira.