GARA Euskal Herriko egunkaria

Kantak


Kontalari, konta iezaguzu istorio bat,/ kondaira izango dena/hitz egidazu aitzineko jendeaz/ hitz egidazu mila eta bat gauez/ eta Lunjari buruz, Ghoulen alaba/ eta sultanaren semeaz».

Souad Massi kantari aljeriarrak ‘‘Raoui’’ kantan kontalariari eskatzen dio istorioak konta ditzala, amets egin dezagun, aitzineko ipuinekin bizitzaren izaera ikas dezagun, kontatzean helduak garela ahanzteko, “behin batean” hasiz.

Aldina Duarte fado kantari portugaldarrak ipuinak eta fadoak alderatzen ditu ‘‘Contos de Fados’’ abestian. «Eta ipuinak abestuak badira/ errima ongi aukeratua bada/ ez dira jada ipuinak, fadoak dira/ ez dira jada fadoak/ bizitza dira».

Duartek kantatu eta kontatuko digu pertsona bakoitzak hainbat istorio dituela kontatzeko, hainbat istorio entzuteko, benetakoak edo asmatuak, baina denak antzekoak izango direla.

Gure artean, Alaitz eta Maiderrek kantatzen ziguten kale kantoian zegoen koitaduaren istorioa, txanpon baten truke eskaintzen zituela ipuinak, baina jendea presaka pasatzen zen, entzuteko astirik gabe.

Ipuin kontatuek eta kantuek badute elkarren arteko antza, batzuekin zein besteekin gozatzeko denbora behar dugu, irudimena martxan jarri eta geure bizitzei hegalak ipini. Gure istorioa irudikatu behar dugu. Massik kantatzen digu: «Gutako bakoitzak istorio bat dauka bihotzean».