GARA Euskal Herriko egunkaria

Torres: «Hizkuntza eskubideen eta beste eskubideen talka ez da ona euskararentzat»

Mikel Torres Pradalesen Gobernuko PSEko lehendakariordearen iritziz, «inoiz ez da lagungarria izan euskara beste hizkuntzen aurrez aurre edo aurka jartzea». Lan eta hizkuntza eskubideen artean oreka bilatu behar dela adierazi zuen berriki Ekonomia, Enplegu eta Lan sailburuak, eta EH Bilduk horren gaineko zehaztapenak eskatu zizkion.

Mikel Torres, Legebiltzarreko saio batean. (Endika PORTILLO | FOKU)

Mikel Torres Lakuako lehendakariordeak hizkuntza eskubideen inguruko adierazpen batzuk egin zituen duela zenbait egun eldiario.es hedabidearekin elkarrizketan: «Beti esan izan dut oreka bilatu behar dela lan eskubideen eta hizkuntza eskubideen artean». Horren inguruko galdera batzuk egin zizkion Josu Aztiria EH Bilduko legebiltzarkideak, eta erantzun argigarri batzuk eman zituen orain arte Portugaleteko alkate izandako PSEko kideak.

Lan eta hizkuntza eskubideak orekatu behar direla esatean zer ekintza, prozedura edo egitate zehatzez ari den galdetuta, «politika publikoen bidez euskara, euskal herritar denon ondarea izanik, zaindu eta sustatu egin behar dela» azaldu zuen Ekonomia, Lan eta Enplegu sailburuak; «kontserbatzeko ez ezik, hedatzeko eta erabiltzeko ere bai».

«Baina denon helburu horren lagungarri ez da izan, inoiz ere, euskara besteen aurrez aurre edo aurka jartzea, ez gaztelaniaren aurka, ez ofizialak ez diren beste hizkuntza batzuen aurka ere. Euskara denon ondarea da, eta, beraz, euskarari ez dio inola ere laguntzen hizkuntza eskubideak beste eskubide batzuen kontrara jartzeak, adibidez, lan eskubideen kontrara. Eta hori ez gertatzeko, interes edo jarrera kontrajarrien artean elkarrizketa eta adostasuna landuz mamitu behar da hizkuntza politika», aldarrikatu zuen.

«Halaxe egin zen Hizkuntza Normalizazioari buruzko ekainaren 15eko 3/1983 Legea taxutzeko: akordio politiko eta sozialetik sortu zen, eta Euskadin sekulako hedapena eman dio euskarari, munduko beste inon ez bezalakoa».

PROPORTZIONALTASUNA

Agertu zuenez, «administrazio publikoetan langileak finkatzeko prozesu batzuetan merezimenduak ez dira baloratu proportzionaltasunez. Ondorioz, batzuetan, esperientzia eta prestakuntza handiko langileak enplegutik kanpo geratu dira, eskatutako hizkuntza eskakizuna ez zutelako, nahiz eta kasu askotan euskaraz jakin, bazekiten».