2024 URR. 04 KOLABORAZIOA Itsasoa museoaren gainetik Edorta JIMENEZ Zain Dezagun Urdaibai Igaro berria dugun iraileko 19koa egun historikoa izan zen. Kantauri itsasoko iluntzeko marea gorak Muruetako Larrabe aldea urpean utzi zuen. Tartean hango enpresa bakarrak beretzakotzat erregistraturik dituen sail jakin batzuk, iazkoan ezagutu genituenak baino maila goragoetara iritsiz. Ez diote antza ondo erakutsi itsasoari zer egin beharko lukeen, ez, Bizkaiko Foru Aldundiko irakasleek. Itsaso mutu-gor-itsuak, milioika urtetan hor dirauenak, ikasle eskasa bera, laster gaindituko du Astilleros de Murueta SA delakoak harturik dituen sailak. Zigor bezate, ba. Aholkua nire aldetik, zera, ez dezatela zartailuz jo, behingoan etorriko baita berera. Hori bai, ikasgelatik irtenaraztea ezineko dute. Itsasoa ez dator horien eskoletara. Zertarako? Ihobek berak jakinarazi zuen argitasun harrigarriz “Kostaegoki” txostenean. Ez bide dute irakurri, 2050era begira aurreikusten dena baita Muruetako industria-gunea, Astilleroa alegia, beronen ehuneko handi batean itsasoak estaliko duela. Ikasgai hori ez du gogoan hartu Muruetako Hirigintza Egitamua lantzen ari den Muruetako Gobernuak. Beharbada horiek ere ez dira eskolara joaten. Joaten dira bai eskoletara Selektibitatea deritzon frogara aurkezteko asmoa dutenak, eta zer izango litzateke ba horiek froga ez gainditzea eta, horren hurrengo, gero irakasleek eurek esatea ez dituztela gaiak egokiro, ondo, ganoraz azaldu. Zein litzateke balizko ikasle horien erantzuna? Irakasleen dimisioa eskatzea. Halaxe ba «Guggenheim Urdaibai proiektua ondo azaltzen ez dugu jakin» diotenek, zer egin behar izango lukete? Azalpen hori hurrengo ikasturterako utzi? Dimisioa eman. Eta, nire aholkua, itsasoarekin «entzuketa ariketa» egin, horixe baita ikaslerik egoskorrena. Dimititu egizue, Aldundiko irakasleok. Otoi, mesedez, arren! Asko gara huts egin dugunok, itsaso beteko jendetza. Gaia ulertu ez, antza, eta kale egin dugunok. Suspenditu dugu Natur Zientziak atalean. Ez genekien itsasoak gero eta gorago egiten badu ere horrek ez diola Guggenheim Urdaibai proiektuari eragingo. Bizkaia, beronen hidalgia unibertsalen printzipioarekin bat, hemen ez baitute munduko beste zeingura lekutan eragiten duten huskeria horiek eragiten. Astilleros de Murueta SA horrek Gernikako Jabetzaren Erregistroan berekotzat erregistraturik dituen sailak erosi nahi ditu Aldundiak eta, noski, saldu nahi enpresak. Nahiz eta sailok itsasoak estaltzen dituenetakoak izan, hots, publikoak. Noski, aritmetika froga ere ez dugu gainditu, ze, orain 2024an bagaude, egon ere bagauden moduan, eta emanik balizko museoaren obrak amai litezkeenerako 2030a edo izan litekeela −barkatu proiektuaren aurreikuspenak zein diren ez jakitea, «Igarle eta Azti» ikasgaia ez baitator ikasketa programan−, zenbat urtetarako proiektuaz ari zarete, irakasleok? 20 urterako? Berau al da erantzun zuzena? Bada, ekonomia arloan ere suspenditu dugu. Ez baitzaigu ulergarria egin zertako litzatekeen orain aurreikusten den inbertsioa 20 urterako izatea. Erantzun zuzena, azterketa frogan askok idatzi bezala, Astilleroak okupatzen dituen sailak saltzea eta ingurukoetakoetan sekulako obrak egitea ez baldin bada. Ez dugu gainditu. Ez omen da hori asmoa. Beraz, etikaren arlokoa ere ez dugu gainditu. Orain boladan dagoen «gobernantza» kontzeptua azaltzean huts egin dugu azterketan. Uste baikenuen edozein proiekturi buruzko «entzuketa» prozesua, delako proiektua abiatu aurretik gauzatu behar dela. Gu bai gizagaixoak! Suspentsoa, bai. Ez dugu ulertu hidalgia unibertsalen gakoa zertan den. Gu denok jaun zein andre hidalgo, eta alabalgo bagara ere, jauntxoak eta andretxoak edozein hidalgo unibertsal arruntaren bete beharrekoez salbu direla. Bizkaia Forala, batzuk ondo eta besteak ez hain hola. Zer esan beharko dugu ba Nazioarteko Legeez, Hitzarmenez, Itunez, Protokoloez, halaxe, beti maiuskulaz idatzita agertzen diren horiez? Jaurlaritzak eta bestek sinatu bezain laster hortxe aditzen ditugula horien onuren aldeko sermoiak. EITBkoetan, esaterako. Hidalgia unibertsalekook zilegi dugu antza emandako hitza jatea. Iñigok eta Elixabetek eman zutena, zera, urte biko hausnarketa egin behar zela alegia, jan egin du bigarrenak, eta ahaztu antza EAEko oraingo lehendakariak. Hau, Etika ikasgairako. Zeinetan asko baina asko baikara gainditu ez dugunok. Itsasoak ere ez du gainditu. Ez eta behar ere. Itsasoarentzat guk gizakiok burutu ditugunak, tartean Busturialdeko paduretan egin izan ditugunak, udako gau bateko ametsa dira. Itsasoak, Shakespeare eta halakoak nor izan ziren, naufragoei adituz ikasi-edo ditu. Itoen kontakizunak. Itsasoa ez da sartuko Guggenheim Urdaibai Museoaren auzian. Humanooi dagokigu itsasoa ulertzea, ze hura ez da inoiz erratu izan. Bitartean, gure itsasoa eta ingurumena muin-muinetik maite eta ulertu uste dugunoi marea izatea tokatzen zaigu. Orain, itsasoa haraino iristen den Gernikan. Laster EH osoan. Horra gure selektibitate froga. Irakasleek huts egin digute eta, ze demonio, egin dezagun Kantauri Itsasoarekin bat. Itsasoa ez dago salgai, ez eta ere hein handi batean harena den Urdaibai. Humanooi dagokigu itsasoa ulertzea, ze hura ez da inoiz erratu izan. Bitartean, gure itsasoa eta ingurumena muinmuinetik maite eta ulertu uste dugunoi marea izatea tokatzen zaigu