2024 URR. 06 «MARISOLASAK BAZTERRETAN», EHGAM NAFARROAREN JARDUNALDIA Marisolasak: bazterretatik guneen okupaziora ”Marisolasak Bazterretan” jardunaldia egin zuen atzo Ehgam Nafarroak Iruñean. Logo berria aurkeztuz hasi ziren, Euskal Herrian kokatuz beren borroka, Palestina bihotzean. Besarkadak, kamisetak eta lehen “marisolasak” Kondestablearen jauregiko harrera goxoan. Armairutik eta ikusezintasunetik guneak okupatzera igaro ziren. ”Marisolasak bazterrean” jardunaldia Iruñean egin zuten. (EHGAM NAFARROA) Maider Iantzi Goienetxe Norbera aberasteko eta prestatzeko aukera ederra izan zen atzo Iruñean. “Marisolasak Bazterretan” izeneko jardunaldia prestatu zuen Ehgam Nafarroak bosgarren aldiz, eta gune anitzetan periferiakotzat hartzen diren eztabaidak erdi-erdira ekarri zituzten Kondestablearen Jauregian, faxismoaren mezu eta jarrerei aurre egitearekin batera. Lehen mahai-ingurua “Armairuaren biopolitika” (Bellaterra, 2024) liburuaren gainean egin zuten. Egilea Javier Saez del Alamo da, aktibista maritxua, soziologoa eta itzultzailea. Azaldu zuenez, armairua kontrol sozial kolektiboko gailu gisa ikusten badugu, populazio masa handiei eragiten die. «Zertaz dago egina? Non dago? Zaila da erratea. Aldiz, erlazio sozial gisa ikusten badugu, errazagoa da. Armairua horixe da: jendea, sexualitateak eta desioak arautzeko bitarteko bat». Fefa Vila Nuñez aktibista feminista-bollera-queerra da, teoria sozialaren irakaslea Madrilgo UCM Unibertsitatean, eta kudeatzaile, sustatzaile eta sortzaile kultural independentea. Mahaian paratu zituzten hiru banderak aipatuz ekin zion: «Koloretsuenak desberdintasunen erradikaltasunaz hitz egiten du. Armairuaz ari garenean ere desberdintasun horretaz ari gara: ez gara berdinak, ez dugu armairua berdin bizi, ez gara berdin ateratzen eta ez dugu denok atera nahi. Bandera arrosa, triangeluarena, memoriaren bandera da, traumarena, sarraskien oroitzapena. Hirugarren bandera palestinarra da, telebistaz ematen ari diren genozidio batez ari da, herri baten izateko ezintasunaz ere bai, kolonialismoaren, inperialismoaren eta gerraren politikaren ankerkeriaz, amnesiaz eta urruntze batez. Queer, bollera, marika komunitate gisa zerbait egin behar dugu». Lucas Platero Psikologia irakaslea da Madrilgo bertze unibertsitate batean, URJCn. Bere ibilbide akademikoak lotura estua du bere bizitza aktibistarekin. 2020an, Emma Goldman saria jaso zuen, bere ikerketa berritzaile feministagatik. Erran zuenez, memoriari ere egiten dio dei Saez del Alamoren liburuak. «Politika neoliberaletan sartuak gaudenez, zentzu handia du armairuak. Non kokatzen gara aktibismoan dugun esperientzia guztiarekin, baina aldi berean marea kontserbadore hau gainean dugula? Armairua bizirauteko bidea da batzuetan». LESBIANA, ARMAIRUKO BIZTANLERIK MAMUENA Vilak adierazi zuenez, feminismoari ere deitzen dio armairuak. «Lesbiana armairuko subjekturik mamuena izan da, eta bere existentziak ukatua izaten segitzen du. Armairutik masiboki atera arren, feminismoak izendatu arren, subjektu gardena izaten segitzen du. Armairu hori lehertzen du. Eta burua ateratzen hasten denean, armairuaren luzapen bat da sarri, edo atera bai baina bertze armairu batzuetan sartzen da. Emakume eta gizon izaten segitzen dugu, eta subjektu gisa lesbianak ez du emakume izan nahi, emakumearen eraikuntza alienatua da eta diskriminazio historikoetatik dator. Lesbianak armairutik aterata erradikalki tentsionatzen du existentzia normatibo hori: gizonentzat edo sistemarentzat emakume izatea». Bere iritziz, armairutik ateratzeko gonbidapen eta eztabaida politiko horretan, arriskua beti izan da sistema erreproduzitzea. «Mundu honetan parte hartzea armairu erraldoi batean egotea da. Ez bada erradikalki zalantzan jartzen mundu soziala, armairua handitu besterik ez da egiten». «ZU EGIATAN ZER ZARA?» Platerok maiz aditzen duen galdera bat ekarri zuen: «Zu benetan zer zara?». Armairuaren aitzinetik, eta gero. «Generoak pisu handia du harreman sozialetan, jaio aurretik ere bai. Genero esentzialismo horrek, benetan gizona edo emakumea izateak. Trans pertsonei eskatzen diegu genero arauak zalantzan jartzea, besteek egiten ez dutelarik. Ez da bidezkoa posizio zaurgarrietan edo minorietan daudenei aktibismo hori eskatzea», gogoetatu zuen. Armairuak artxiboarekin eta memoriarekin duen lotura arakatu zuten gero, eta galdetzen segitu. Vila: «Zertarako balio digu memoria baten parte izateak amets kolektiboa ezeztatzen badu, parte hartzea eragozten badigu, ez bagara gai artxibo horiek aktibatzeko beste zerbait sortzeko, munduaren beste desio bat?». IKUSEZINTASUNETIK GUNEEN OKUPAZIORA Mercedes Peon kultura-autoestimuko konpositore galegoa da. Dantza-gorputzetako irudikapen disimetrikoen onarpen-fantasiei buruz hitz egin zuen, mikro-habitatetako izaki basatien omisioari buruz, hori baita herrixkak izendatzeko duen modua. Muturreko indibidualtasun erradikalenetik sorkuntza kolektiboraino nola iristen den erakutsi zuen. La Furiarekin mintzatu zen. Konpositorea, abeslaria, “euskalribera”, feminista, bisexuala, ama eta managerra da bera, 2012tik dabil agertokietan rapa eta bertze soinu batzuk hedatzen. «Gaur egun ez dut armairua zapaltzen, ezta arnasa hartzeko ere», baieztatu zuen. Nahi dugun errealitatea eta alternatiba eraikitzen jarri nahi du indarra Cascanteko musikariak, eta lagun batekin Mimosa Bulegoa sortu du. «La Furia eta fantasiaren artean dago nire borroka». Beretzat musikako lehen plazera epairik gabe bizitzea da. Peonentzat, trantzea da plazera, lengoaia amankomun bat, dantzan gertatu daiteke, perkusioan, biren edo gehiagoren arteko komunikazioa da eta denbora existitzen ez den tokietara eramaten gaitu. Presentzia absolutua dago. Bi mahai-inguruen ondotik, bazkari beganoa egin zuten, arratsaldeko tailerretarako indarrak biltzeko: “Polimaitasunetik harago” (Leire Garatea, Ley), “Fanfiktion eta queer” (Nel Santacruz Sanz) eta “Gure bizitza okerrak idazten” (Itziar Ziga) izan ziren. Fefa Vila Nuñez: «Ez dugu armairua berdin bizi, ez gara berdin ateratzen eta ez dugu denok atera nahi»