2024 URR. 06 CROSSING «Queer Road Movie» hunkigarria eta ederra Gaizka IZAGIRRE HERNANI Lia izeneko irakasle erretiratu batek bere iloba Tekla aurkitu nahi du, aspaldi galdu den neska trans bat. Georgian hasiko du ibilbidea, baina bilaketak Istanbulera eramango du. Bertan Evrim ezagutuko du, transexualen eskubideen alde borrokatzen duen abokatua. Zinegoak jaialdian saritu zuten film hau argibide garrantzitsu batekin hasten da: azalduko diren azpitituluek bi hizki mota dituzte, etzana eta biribildua. Bata georgiera adierazteko da, eta bestea turkiera. Mintzairak ulertu ez arren, bi hizkuntzak bereiztearen ariketa polita egitea proposatzen du. Ez hori bakarrik, jatorrizko hizkuntzan ikustearen beharra ere azpimarratzen da; izan ere, bi hizkuntza horiek, euskarak bezala, ez dute genero bereizketarik egiten. Erabaki hori filmaren gaiarekin eta testuinguruarekin lotura zuzena duen zerbait da. Istorio hau azaltzeko, zinematografikoki, errealismoaren bidea aukeratu du Akin-ek, eta hunkigarria bezain zorrotza den filma osatu du. Bai formari eta baita edukiari dagokionez ere, etengabe mugitzen ari den sentimenduen bidaia bat erakusten du. Ez nuke esango dokumental kutsua duenik, baina bai “cinéma vérité” delakoaren esentzia. Oso benetakoa sentitzen den errealitate jakin bat islatzen du, baina manipulatu gabe eta drama errazean erori gabe; istorio horiek beti egon direlako hor, baina gizarteko oihal transfobo eta homofoboek ezkutatuta. Geldirik ez dauden kamera eta pertsonaiak medio, “queer road movie” polita eta nabarmena osatu du Akin-ek, hunkigarria eta ederra; hori bai, “road movie” gehienekin gertatzen den bezala (onak direnekin, behintzat), bidaia fisikoa baino, pertsonaien barnera egiten den bidaia da esanguratsuena eta garrantzitsuena. Familia-hausturak, herri txikien tradizioak eta Georgia bezalako herrialde batean trans pertsona gisa bizitzeko dauden zailtasunak aztertzen dira.