2024 URR. 08 Mugaz gaindiko elkarlana sendotu nahi dute Etchegarayk eta Pradalesek Imanol Pradales EAEko lehendakariak lehen bilera egin zuen atzo Euskal Hirigune Elkargoko bere homologoarekin, Jean-Rene Etchegarayrekin. Mugaz gaindiko lankidetza sendotzeko prest agertu ziren biak ala biak eta, besteak beste, erakunde hauek 2019an -Iñigo Urkullurekin- izenpetu zuten memoranduma berritzeko asmoa iragarri zuten. Imanol Pradales eta Jean-Rene Etchegaray, Baionan. (Nahia GARAT) G. TABERNA-M.UBIRIA BAIONA Maria Chivite Nafarroako presidentearekin bildu eta hilabetera, Imanol Pradales EAEko lehendakaria Baionan izan zen atzo, Jean-Rene Etchegaray Euskal Hirigune Elkargoko presidentearekin. Agintari biak elkarlana sendotzeko prest agertu ziren. Jean-Rene Etchegarayk Iñigo Urkullu lehendakariarekin ukan zituen harremanak ez ziren beti hurbilak izan, baina Imanol Pradalesen eskutik lotura horiek jorratzeko nahia mahai gainean jarri zuen Etchegarayk, «Europa noraezean dabilen honetan, konfusioak eta tentsioak gure ikuspegi bateratuak lausotzen ez uzteko» helburuarekin. Ipar Euskal Herriko erakundeak agiri baten bidez oroitarazi zuenez, Euskal Elkargoak eta Lakuako Gobernuak harreman formalak mantentzen dituzte 2019ko urriaren 7an mugaz gaindiko lankidetzarako memoranduma izenpetu zutenetik. Hitzarmen horren xedea da hainbat alorretan -mugaz gaindiko mugikortasuna, goi mailako irakaskuntza, formakuntza eta ikerketa, ekonomia garapena, turismoa, laborantza, lurralde-antolaketa iraunkorra, ingurumena, kultura eta euskara- proiektu bateratuak garatzea. LEHEN URRATSAK Bi lehendakarien arteko lehen bilera ofizialean, egitasmo zehatzekin irudikatu zuten Gasteiz eta Baionak sustatu nahi duten lankidetza: Euskal Sagardoa-Euskal Sagarnoa mugaz gaindiko jatorri izendapena lortzeko idazki bakarra prestatu zuten urte hasieran bi erakundeek, eta elkarlanetik sustatu zuten, hala nola Hendaiako aldaketa-polo multimodala egokitzeko. Era berean, Mugaz Gaindiko Topaketen hirugarren edizioa 2025eko otsailaren 12an eginen da, berriro ere Lapurdiko hiriburuan, eta atzoko elkarrizketa baliatu zuen Imanol Pradales lehendakariak bertan izanen dela baieztatzeko. MEMORANDUMA 2019an, Lakuan Iñigo Urkulluk agintzen zuenean, bi erakundeetako ordezkariek memorandum bat adostu zuten zenbait gairen gainean mugaz gaindiko elkarlana sustatzeko eta «Europa mailan ahots bateratu baten bidez mintzatzeko», Etchegarayk atzoko agerraldian gogoratu zuenez. Orduan, besteak beste, migrazioari loturiko erronka humanitarioari aurre egiteko Share izeneko programa martxan eman zuten, eta bidean diren migranteen egoeraz arduratzen den mahaira batu zen Euskal Elkargoa. Halako eta bestelako mugaz gaindiko proiektuetan «oraindik urrunago» joateko nahikeria agertu zuen Etchegarayk. Pradalesek, borondate hori partekatzen duela nabarmendu ondotik, 2019ko memoranduma berritzeko prest dela iragarri zion. Elkargoan antolaturiko bilera ez zen Pradalesek Lapurdin aurreikusita zuen ekitaldi bakarra. 15.30ean, Jose Antonio Agirre lehendakariaren hilotza bisitatu zuen, Donibane Lohizuneko Haize Errota hilerrian. EH BAIEH Baik baikorki baloratu zuen bilera, eta itxaropena agertu zuen, lankidetza hori «orain arte izan dena baino iraunkorragoa eta emankorragoa» izanen delakoan.