2024 URR. 09 Nafarroako hezkuntza publikoko sindikatuek greba deialdia egin dute Iragarri bezala, Nafarroako irakaskuntza publikoko sindikatuek atzo beste greba deialdi bat erregistratu zuten datorren 29rako. Nafarroako Gobernuak sindikatuekin bildu gabe jarraitzen duela gaitzetsi zuten, eta, honenbestez, «bere eginkizunak alde batera uztea» leporatu zioten. Irailaren 26an Nafarroako hezkuntza publikoko irakasleek egindako greba. (Iñigo URIZ | FOKU) GARA IRUÑEA Nafarroako hezkuntza publikoko sindikatuek hilaren 29rako greba deialdia erregistratu zuten atzo, eta Nafarroako Gobernua «bere funtzioei muzin egiten» ari dela salatu zuten, sindikatuekin bildu gabe jarraitzen duelako. Steilasek, ANPEk, Afapnak, LABek, CCOOk, ELAk eta UGTk ohar batean adierazi zutenez, duela astebete iragarri zuten urrian egitekoak diren beste lanuztea, eta ordutik Nafarroako Gobernua ez dela beraiekin bildu gaitzetsi zuten: «Ez da indar sindikalekin bildu, nahiz eta aldarrikapenak Mahai Orokorrera ere eraman, eta Gobernuarekin negoziatzera bidali ziguten berriro». Sindikatuek «benetako negoziazioa» eskatu zuten Nafarroako Gobernuarekin, eta irakasleak grebarekin bat egitera deitu zituzten. BIGARREN GREBA Nafarroako irakaskuntza publikoko irakasleek ikasturte honetan egingo duten bigarren greba izango litzateke deitu berri duten hau. Joan den irailaren 26an beste lanuzte batera deitu zuten eta eskualde mailako mobilizazioak egin zituzten goizean eta arratsaldean, Iruñean elkartu ziren beste mobilizazio batean. Sindikatuek «arrakastatsutzat» jo zuten greba eguna. Iruñerriko zentro ugaritan %70eko jarraipena izan zuen, eta nabarmendu zuten izan zirela ikastetxe batzuk %100eko jarraipena izan zutenak. LAB Irakaskuntzaren arabera, «greba egin ahal zutenen bi herenek greba egin zuen». Nafarroako Gobernuaren arabera, irakasleen %26,5ek bat egin zuen grebarekin. 10.705 irakasleetatik 2.843k egin zuten greba, Gobernuak esan zuenez. Haur eta Lehen Hezkuntzan 5.113 langileetatik 1.606k. Bigarren Hezkuntzan, 5.592etatik 1.237k lanuztea egin zuten, betiere Gobernuaren arabera. Greba horren aurretik, sindikatuek Mahai Orokorrarekin izandako bilera bat bertan behera utzi zuten, Hezkuntza kontseilari Carlos Gimeno inolako proposamenik gabe joan baitzen bilera horretara. Irakasleek gatazka konpontzeko eta irakasleen kalitatea bermatzeko neurri zehatzak eskatu zituzten, hala nola ratioak hobetzea edo lan karga murriztea, galdutako erosteko ahalmena berreskuratzeaz gainera. CHIVITEREN EZETZA Sindikatuen eta Gimenoren arteko harremanak tirabiratsuak dira, eta sailburuari behin baino gehiagotan ohartarazi diete greba deialdiak egingo dituztela. Egoera hori desblokeatzen saiatzeko, sindikatuek bilera bat eskatu zuten Maria Chivite lehendakariarekin, baina ukatu egin zuen, negoziazioa Gimenorekin egin behar dela adieraziz. Atzo bertan, ordea, prentsaren aurrean egindako agerraldi batean, Chivitek adierazi zuen irakasleen aldarrikapenak eta grebarako eskubidea errespetatzen dituela. Irakasleen ordezkariei hainbat proposamen helarazi zaizkiela kontatu zuen. Edonola ere, gogoratu zuen Nafarroa dela irakasle-ikasle ratio txikiena duen herrialdea, eta baita irakasleei hobekien ordaintzen dienetako bat ere, «nahiz eta kontu batzuetan, hobekuntzak egin daitezkeen». «HEZKUNTZA ONDO DOA» Gimenok Nafarroako hezkuntza publikoaren egoera ona dela nabarmendu zuen pasatu zen grebaren aurretik. Horretarako, Estatu espainoleko sailkapenari heldu zion, Kantabriaren atzetik Nafarroa bigarrena dela azpimarratuz. «Gaurko egoera ez da 2012ko greban zegoena. Alde batetik, langileen aldarrikapenak ditugu, bestetik, hezkuntzaren egoera. Nafarroan hiritarrek hobekien baloratzen duten hirugarren alorra da hezkuntza», esan zuen. TIRABIRAKIkasturteko lehen grebaren aurretik sindikatuek Mahai Orokorrarekin izandako bilera bertan behera utzi zuten, Gimeno kontseilaria inolako proposamenik gabe joan zelako; honen arabera, hezkuntzaren egoera ona da Nafarroan.