2024 URR. 10 Atxilotu zutenean kendu eta zigilaturiko materiala itzuli diote Etxeberriri Parisek «Txetx» Etxeberri bakegileari itzulitako materiala «euskal gatazkaren memoria arloan lan egiten duen elkarte baten esku» utziko dela azaldu zuen Bake Bideak. Parisko epaitegiak eta Prefekturak kendutako materiala itzuli diote «Txetx» Etxeberriri. (BAKE) GARA BAIONA Atxilotu zutenean, 2016an, kendutako eta zigilaturiko materiala itzuli zioten atzo Jean-Noël Txetx Etxeberriri Parisko Epaitegiak eta Prefekturak. Guztira 77 zigilatu, Poliziak eraman zuen guztia «arriskutsutzat edo kaltegarritzat jotzen diren armak, munizioak, arma-elementuak, aparailuak eta substantzia leherkorrak salbu». Parisko Auzitegi Korrekzionalak Beatrice Molle-Haran eta Etxeberri aurtengo apirilean epaitu zituen «Luhuso auziarekin» lotuta, eta epaiaren berri hilabete geroago eman zuen. ETAren armagabetzearen alde jardun zuten bi artisauak kondenatu zituen, baina zigorrik ezarri gabe. ASKOTARIKO MATERIALA Irailaren 10ean bi bakegile hauen defentsak epaiaren idatzizko erabakia jaso zuen eta bertan agintzen zen material hori itzultzea. Bake Bideak ezagutarazi zuenez, material guztia «euskal gatazkaren memoriaren eta historiaren arloan lan egiten duen elkarte baten esku» utziko da. Epaiketan Molle-Haranek eta Etxeberrik «armagabetzeari egindako ekarpena» defendatu zuten, eta onartu zuten arma eta lehergailuak atxiki eta garraiatu izana. Horrekin batera, ordura arte ezaguna ez zen armagabetzearen bideo bat ere argitaratu zuen Bake Bideak. Ekintza horiek Estatu frantsesaren eta espainolaren «paralisiaren» aurrean egin zituztela nabarmendu zuen Etxeberrik. «Berriro egin beharko balitz, egingo genuke. Are gehiago, gerra logika nagusi den mundu honetan. Asko gustatuko litzaiguke parte hartu genuen ekimenak, gizarte zibilak “nahikoa da! bakea nahi dugu orain!” esateko esku hartu zuenak, beste herrialde batzuk ere inspiratu ahal izatea». MATERIALABake Bideak aditzera eman zuenez, materialen artean zeuden armak neutralizatzeko baliatuko ziren makinak; telefono mugikorrak; armak, munizioak, detonagailuak eta lehergailuak maletategietan biltzeko ETAk eta CIV Nazioarteko Begiztatzaile Taldeak erabilitako giltzarrapoak eta giltzak zein inbentarioak...