2024 URR. 11 Paul Urkijo Gaizka IZAGIRRE Zinema kritikaria Paul Urkijo zinemagilea albiste izan da azken egunotan eta arrazoia hirukoitza da. Lehenengoa, Primeran plataforman “Irati’sartu dutelako. Dakizuen moduan ezpata eta sorginkeria deituriko azpigeneroari, batailei, abenturei, munstroei eta bereziki desberdinak diren guztiei eskainitako film ederra osatu du Urkijok; euskal naturari eta mitologiari idatzitako maitasun gutun zoragarria. Euskal mitologia gertutik ezagutzeko aukera ematen digu, euskal gizarteak naturarekin eta haren sinesmen zaharrenekin duen harremanari balioa emanez. Euskaraz egindako pelikulen artean mugarria izan da hainbat arrazoiengatik; euskal ekoizpenik handiena da, 4,3 milioi euroko aurrekontuarekin, euskarazko film baten historiako estreinaldirik onena ere izan da. Bigarren albistea: film honen arte liburua kaleratuko dute; Gasteizen, Bilbon, Iruñean eta Donostian aurkezten ari da egunotan eta, zalantzarik gabe, eguberritako (auto) opari ederra izango da. Hitzaurrea Alex de la Iglesiak idatzi du eta orrien artean argazkiak, irudiak eta filmari buruzko hainbat xehetasun eta bitxikeria topatuko ditugu. Eta azkena eta pozgarriena: “Gaua” izeneko film berria prestatzen ari da. XVII. mendean girotua egongo da eta, aurreko obretan bezala, fantasia eta errealitate historikoa uztartuko ditu, baina euskal mitologiaren gaueko munduan murgilduko da orain.