2024 URR. 12 ESKUBALOIA Portugalen erdizka utzi zuen lana biribiltzea izango da Bera Beraren helburua Benficari EHF European Leagueko joanekoan 28-30 irabazi arren, zortzi goleko aldea izan zuen taldeak. «Sentsazio onak berreskuratu» nahi ditu. Esther Arrojeriak taldearen «sentsazio onenak» berreskuratzea nahi du. (Jon URBE | FOKU) Arnaitz GORRITI «Taldea gogotsu dago, baina ez kanporaketa pasatzeko bakarrik. Batez ere sentsazio on horiek berreskuratu nahi ditu», adierazi zuen Super Amara Berara taldeko jokalari Esther Arrojeriak, Benficaren aurka EHF European Leagueko bigarren kanporaketari dagokion itzulerako dema jokatzeko bezperan. Pasatu den igandean erdizka utzi zuten lana biribildu nahi dute donostiarrek gaur eguerdiko 12.00etan Josean Gasca pabiloian. Besterik gabe, kontua partida irabaztea balitz, bideratuta dutela gogoratu behar da, Imanol Alvarezek entrenatzen duen taldeak 28-30 irabazi baitzien portugaldarrei joaneko neurketan. Gauzak ondo, MKS Lublin talde poloniarraren aurka jokatzeko sailkatu behar lukete donostiarrek. Baina Arrojeriak aintzat zituen «sentsazio on» horiek alde egin zuten neurketaren azken zatian. Hain zuzen, zortzi goleko abantaila ia erabat galtzen utzi zutelako. «Kanporaketa ia erabakita izatetik guztiz irekita egotera igaro da berriz ere. Benfica bere aukerekin dator hona. Sinetsita egongo dira partida ona jokatuz gero kanporaketa beraiena izan daitekeela, eta, beraz, gure zeregina izango da hasieratik argi uztea kanporaketa hau etxean geratzea nahi dugula», nabarmendu zuen Usurbilgo jokalariak. Imanol Alvarez berak ere zer gertatu zen garbi izan arren, onartu zuen, bederen, Lisboan azken minutu horietan jazo zitzaiena «ez dela normala. Defentsa biguna izan zen, erasoak ez zituen jaurtiketak ondo aukeratu eta, aitzakia ez izan arren, epaileen erabakiak ez ziren egokiak izan minutu horietan». IRABAZTERA JOKATU Entrenatzaile ermuarraren iritziz, aldeari begira jardutea alferrikakoa da. Hain zuzen, bi partidak amaitu ondoren azken emaitza berdindurik balego, kanpoan sarturiko gol kopuruak ez luke garrantzirik izango, eta kitarakoa penalti jaurtiketetan bilatu beharko lukete. Honenbestez, baldintza horien aurrean, «partida irabaztera jokatu behar da; hau da, partida irabazten duen taldeak gaindituko du kanporaketa». «Gure azken helburuan kontzentratuta egon behar dugu, egin beharreko gauzetan. Irabaztera irten behar dugu, eta gainera etxean talde boteretsua gara», adierazi zuen Alvarezek, Josean Gascara joango diren horien guztien animoak eskatuz. LUBLINGauzak ondo, MKS Lublin poloniarraren aurkako kanporaketara sailkatu behar lukete donostiarrek. Baina horra egoki iristeko, sentsazio onak berreskuratu nahi dituzte Benficaren aurrean.