GARA Euskal Herriko egunkaria
PILOTA

Presiorik gabe eta konfiantza handiz, Artolak mendean hartu du Ezkurdia

Izterreko arazorik gabe, Artolak dema ona jokatu du zertxobait makal aritu den Ezkurdiaren aurka. 10na berdinduta zihoazela alegiarrak lehia hautsi du.

Iñaki Artola eta Joseba Ezkurdia, Lekunberriko Jaian Jai frontoian. (IdoiaZABALETA | FOKU)

«Makina bat partida irabaziko nituen kirol mailaz-eta itxura batean garrantzitsuagoak, baina gaurkoaren bezainbesteko poztasunik ez. Ez dira aste errazak izan. Halako momentuak kudeatzea zaila da. Ez nuen inondik inora ere pentsatuko jokatuko nuenik; oso etsita nengoen», adierazi zuen Iñaki Artolak Joseba Ezkurdiari 11-22 irabazi ondoren. Baikoko pilotariak Lau eta Erdiko Txapelketako final-laurdenetarako ligaxkarako txartela lortu du. Datorren igandean jokatuko du lehen partida, Eibarko Astelehena frontoian, Jokin Altunaren aurka.

Joan den ostiralean jakinarazi zuen alegiarrak Lau eta Erdiko Txapelketako final-zortzirenak jokatuko zituela. Zalantzaz betetako bi asteak azkar argitu zituen atzo kantxan Artolak, partida ona jokatuta kaiolan trebea den Ezkurdiaren aurka. Dema gogorra jokatu zuten Artolak eta Ezkurdiak. Bereziki hasieran. Markagailuan 2-3 zihoazela, 32 pilotakadako tanto luze bezain gogorra jokatu zuten. 2-4koa Artolaren alde. Nahiko berdintsu zihoan lehia, batetik, Ezkurdiak aukera zuenean aurrera eginez, eta bestetik, Artolak tantoa patxadaz hartuz, noiz errematatuko zain.

Lehen atsedenaldian 10-12 joan ziren aldageletara, alegiarra aurretik. Orduan hautsi zuen partida Baikoko pilotariak, bi tanto sakez eginda, eta bolada on hori 20. tantoraino luzatuta. Hamar tanto egin zizkion segidan alegiarrak arbizuarrari. Orduan egin zuen behera Ezkurdiak, bere burua kantxan topatzen ez zuela. Azkenerako, 11-22 Artolaren alde.

KONFIANTZA

«Jokoan gauza batzuk gaur baino hobeto egin izan ditut. Adibidez, sakatzera beldurrez joaten nintzen, zabalera ibili luzeetan ere bai. Konfiantzak gehiago balio du fisikoak baino. Ia entrenatu gabe etorri naiz, baina konfiantzarekin». Partidaren gakoa non egon den galdetuta, Artolak ezker pareta aipatu zuen. «Frontoi honek ezker pareta oso irregularra du, eta zorua ere bizia da. Bagenekien sakea egiterakoan ezker pareta jotzen asmatzen zuenak min handia egingo zuela. Tantoa ekartzeko zaila zegoen. Abiadura ematea baino, hobeto zen luze paretara ateratzea».

Ezkurdiaren inguruan alegiarrak esan zuen akaso ez zuela egun onena izan: «Duen ibilbidearekin, dema hau nahitaez irabaztekoa zuen. Ni hankarekin presiorik gabe etorri naiz, eta sekulako oparia izan da. Orain astebete daukat hanka hobeto errekuperatzeko. Gaur ez dut ezer sentitu. Beste zazpi egun ditut».