2024 URR. 15 STRANGE DARLING Estetikoki hipnotikoa, baina tranpatia Gaizka IZAGIRRE HERNANI Film honek ezaugarri berezi batzuk ditu: Giovanni Ribisi aktoreak argazki-zuzendari gisa egiten duen lehen lana da, 35 milimetroan filmatua dago eta filma sei ataletan zatituta dago, baina ez dira kronologikoki erakusten. Estetika eta planteamendua bikainak iruditu zaizkit, hipnotizatua geratu naiz proposatzen duen horrekin guztiarekin eta ikustaldia, oro har, gozatu dut. Filmaren erdian “sorpresa” bat dago, baina hortik aurrera filma maldan behera doala sentitu dut. Ezusteko hori gustatu zait, baina ikusleari helarazteko modua oso tranpatia iruditu zait. Filma sakonki aztertzen hasita, zalantzagarriak diren zenbait alderdi topatu ditut. Gezurra den sinopsitik hasita -hala da bai-, filma engainagarria da. Estiloak edukia irensten du; batere sotila ez den artifizio handiko estetika erabiltzen du, oso erakargarria, baina oso doakoa. Koloreen erabilera ere ederra da, baina oso agerikoa. Arazo handiena, ordea, filmaren amaierako mezu edo keinu arriskutsuarekin izan dut. Beharrezkoa da emakumezko pertsonaia sendoak eta ahaldunduak dituzten filmak ikustea, baina kasu honetan, eta filmaren amaierako mezuarekin lotuz, eztabaidagarria iruditu zait bere erabilera. Serieko hiltzaile bati buruzko film desberdin bat egin beharrean, #MeToo mugimenduarekin deseroso sentitzen diren gizonezkoen beldurrekin jolastea aukeratu du zuzendariak. Argudio hori behar bezala garatzeko spoilerrak jaurti behar ditudanez, ez dut zehaztuko zein momentutan geratzen den hori agerian: pelikularen azken minutuetan gertatzen dela esango dizuet soilik, poliziak agertzen diren unean. Zenbait gizonezkok esan ohi duten “emakumeen salaketa faltsu” horrekin egiten dut lotura; sexu-indarkeriaren gaian “emakumeek ere gezurra esan dezakete” mezua zabaltzea oso arriskutsua eta larria iruditzen zait.