2024 URR. 15 AZKEN PUNTUA Osasunaren denbora Yasmine KHRIS Itzultzailea Iruñean 1972an egin ziren Artisten Topaketek arrakasta izan omen zuten. Horrexegatik -suposatzen dut- duela bi urte berreskuratu ziren, eta geroztik bienal bihurtu. Aurtengoan hamaika pentsalari, artista eta filosofok parte hartu dute; horien artean, Boris Groysek. Izena ezagutu gabe barneratu nintzen Baluarte areto ilunera, batez ere hitzaldiaren izenburua interesgarria iruditu zitzaidalako: “Norberarena zaindu, besteena zaindu”. Pare bat minutu aurretik, Groys ez zela oholtzan bertan eta zuzenean arituko esan ziguten, osasun arazoak zituela- eta -hau kasualitatea-. Skype bidez grabatutako elkarrizketan, Groysek kontraesanean jarri zituen «self care» eta «institutional care», Estatuaren gelditasuna salatuz eta zaintzaren «eskubide esklusiboa» eskatuz. «Self care» aipatzean, niri Youtube eta Instagrameko bideoak etorri zitzaizkidan burura, azala zaintzeko hamaika krema eta serum iragartzen dituztenak. Hamar egun besterik ez dira igaro hitzaldi horretatik, eta bost, Osasun Mentalaren Nazioarteko Egunetik -urriaren 10etik-; baina egun Nafarroan mediku espezialista batekin (psikologoak barne) hitzordua lortzeko itxaronaldia 88 egunekoa da -baimendutako legezko maximoaren ia hirukoitza-. Kasik hiru hilabete maskarilla eta esfoliazioak egiteko, beraz, by myself.