2024 URR. 15 PILOTA Sakea lagun, bere lekua defendatu zuen Elordik Zabalaren aurrean Mallabitarrak 11 tanto egin zizkion errioxarrari lehen pilotakadarekin, eta beste sei, sake-errematearekin, 118 pilotakada baino izan ez zituen partidan (22-7). Errematean ere azkenaldian faltan izan duen konfiantza izan zuen eta itxura oso ona eman zuen. Sakearekin asmatuta, erabat hankapean erabili zuen Elordik Zabala. (Gorka RUBIO | FOKU) Jon ORMAZABAL «Partida honek ez zuen bakarrik Lau eta Erdikoan aurrera egiteko balio; banekien partida hau galduta, Binakakotik kanpo geratzeko aukerak ere handiak izango zirela. Bakoitzak bere lekua gorde behar du eta garaipen hau garrantzitsua zen niretzat», aitortu zuen, gainetik zama handi bat kendu duenaren lasaitasunarekin Aitor Elordik, Zabala, azkenaldian bere lekua hartu duen pilotaria, txikituta (22-7), kaiolako final zortzirenetako ligaxkarako txartela poltsikoan zuela. Laso, Peña eta ostiralean Azkoitian aurkari izango duen Peio Etxeberriarekin osatuko du taldea mallabitarrak, eta atzo bezala sakatzeko gai bada, lasai ez egoteko arrazoiak dituzte hirurek ere, espezialista handiak izanagatik. Izan ere, gaur egungo koadroan, kaiolan, sakerik zitalenetako baten jabea dela berretsi zuen mallabitarrak. Azpitik jota eta pilota bost eta erdiaren inguru horretan ezker paretan hiltzera aterata, min izugarria egin zion erantzunik aurkitu ez zuen Zabalari. Denera, hamaika izan ziren lehen pilotakada horrekin lortutakoak -falta bat ere egin zuen laburregi jota-, eta beste sei, sake-errematean lortutakoak; eta goitik behera baldintzatu zuen jokaldi horrek bientzako konpromiso handikoa zen partida. Hasi ere sakeen protagonismo handiarekin hasi zen lehia, aurreneko hiru tantoak Zabalak baleko pilotakada bat jo gabe lortu zituen mallabitarrak eta jarraian etorri zen aipatutako sake laburregi hori; hau da, markagailua 3-1 jarri zen errioxarrak pilotakada on bat eman gabe. JOKOAN ERE OLDARKOR Saketik eta sake-errematetik erabaki ez ziren tantoetan ere bizi aritu zen Elordi, Zabalari azpitik jokatu eta Logroñokoari gantxoz sartzeko aukerarik eman gabe. Gainera, erasokor antzeman genuen, pausoa beti aurrera eman eta angeluak ederki topatuz. Partida ez zen, agian, ondorio handirik ateratzeko horietakoa, baina azkenaldiko Elordirik onena azaldu zen atzokoa bezalako ardura handiko lehia batean. Onartu zuen bizkaitarrak azkenaldian tantoak amaitzeko orduan konfiantza apur bat falta zuela eta fede hori berreskuratzea dela kaiolarako bere buruari jarri dion helburu nagusietako bat. Atzo ederki aritu zen. Zabala, aldiz, erabat gaindituta aritu zen, aurkaria saketik egiten ari zitzaion zauria nondik itxi ez zekiela. Berak ere ezustean harrapatu zituen Elordi eta Beotibarrera gerturatutako 300 zaleak, 15-6koan sake bat bi paretak jota aterata, baina ordurako partida ihes egina zeukan eta Binakakoa prestatzen hasi beharko du, airean dagoen laugarren aurrelariaren kiniela horretan egongo delako, ziur, nahiz eta azkenaldiko emaitzak ez diren esperotakoak izaten ari.