GARA Euskal Herriko egunkaria

Jon Urzelai, Julia Otxoa eta Aiora Jaka dira azken Euskadi Literatura sariak

“Su festak” (Susa) saiakerak; “Independentziaren eguzkiak” (Erein eta Igela), Ahmadou Kouroumaren nobelaren itzulpenak; eta “Bajo los astros de la repetición” (Aliar 2015 Ediciones S.L.) poema liburuak jaso dituzte, hurrenez hurren, aurtengo Euskadi sariak Saiakera Euskaraz, Euskarazko Literatur Itzulpena eta Gaztelaniazko Literatura arloetan. Saiakera Gaztelaniaz atalean ez zen saririk eman, atzo aditzera eman zutenez.

Urzelai, Jaka eta Otxoa, sailburuaren eta sailburu ordearen artean, San Telmon, atzo. (Maialen ANDRES | FOKU)

Donostiako San Telmo Museoan ezagutzera eman ziren atzo Euskadi Literatura sarietako aurtengo azken hiru irabazleen izenak. Jon Urzelairen “Su festak” saiakerak, hau da, XXI. mendeko musika festibalen inguruan egin duen gogoetak; Aiora Jakak euskarara ekarri duen Ahmadou Kourumaren “Independentziaren eguzkiak” nobelak, eta “Bajo los astros de la repetición”, Julia Otxoak idatzitako poema liburuak irabazi dituzte, hurrenez hurren, aurtengo azken hiru sariak.

Jon Urzelairen “Su festak” «lan bikaintzat» hartu zuen epaimahaiak «bai formaren bai funtsaren aldetik». Herri musikako kantaldietatik abiatuta, azken hamarkadetako gizarte aldaketen eta gizarte bilakaeren diagnosi argia eta burutsua egin zuen. Epaimahaiaren balorazioaren arabera, «azken hamarkadetako gizarte aldaketen eta gizarte bilakaeren diagnosi argia eta burutsua egiteko, musika kantaldi motak aro sozialekin, gizarte eredu desberdinekin eta hainbat prozesu sozialekin lotu ditu modu arrazoituan», eta, are gehiago, «musika jaialdien inguruko azterketa soziologikoa beste eremu batzuetara hedatu du».

Itzulpenaren arloan, epaimahaiaren hitzetan, «Aiora Jakak itzulpen lan oso ona egin du Ahmadou Kouroumaren istorio honekin». Kourouma (Boundiali, 1927 - Lyon, 2003) Malinke etniako idazle bolikostar bat izan zen, Afrikaren deskolonizazio garaiko gobernu diktatorialen aurka altxatu ziren autoreen artean lehenengoetakoa. Eleberriari dagokionez, «erritmo narratibo bizia duen liburua da, ahozkotasunetik hurbil dagoena. Itzulpen erabaki ausart bezain zuhurrak hartuta, egiantz osoz euskal irakurlea mendebaldeko Afrikara eramaten du».

Azkenik, Gaztelaniazko Literatura Sariaren epaimahaiaren ustez, Julia Otxoaren “Bajo los astros de la repetición” poema liburuak hainbat hamarkadatako bidea mamitu du. Obra hau bi atal handitan banatuta dago: “El limón y la espada”, ezinbestean Rafael Albertiren “Entre el clavel y la espada”-ra garamatzana.

«Lehen zatian, ahots konprometituz, krudelkerian eta suntsipenean zentzurik ez duten munduaren eta historiaren aurkako salaketa globaleko poemak gailentzen dira. Liburuaren bigarren zatian, poemek, askoz laburragoak eta sententziazkoagoak eta zenbaitetan aforismotik hurbilagoak direnek, oraindik ere hondamenean dagoen mundu honetan bizirik dirauen edertasun hori agerian uzten dute», epaimahaiaren oharren arabera.

Saiakera Gaztelaniaz arloan epaimahaiak saririk ez ematea erabaki du, aurkeztutako «batek ere ez dituelako betetzen eska daitezkeen bikaintasun irizpide guztiak». Hiru sari hauek joan den astean Bilbon iragarri zirenei batuko zaizkie: Jon Gerediaga “Zeru lurren liburua” poema liburua, Euskarazko Literatura arloan; Harkaitz Canano Haur eta Gazte Literaturaren “Mundua pitzatuta dago baina hantxe gabiltza oinez” album ilustratua; eta David de las Heras, Literatur Lanaren Ilustrazioa alorrean, Machadoren “Campos de Castilla” lanaren gainean.