2024 URR. 19 Parte hartzearen beharrezkotasuna mintzagai, Burujabetzak jardunaldietan Mendoza eta Lertxundi, atzoko hitzaldian. (BURUJABETZAK) GARA OIARTZUN Boterearen deszentralizazioa, eta herritarren parte hartzea hizpide izan zituzten Oiartzunen atzo Julen Mendoza Errenteriako alkate ohi eta Kogarri gizarte berrikuntzarako aholkulariak eta Xabier Lertxundi Hernaniko alkateak, “Burujabetzak” jardunaldietan. Mendozak adierazi zuen gizarte eraldaketarako beharrezkoa dela «ikuspegi lineal batetik ikuspegi sistemikora pasatzea», hau da, sistema batean dauden elementuak eta horien artean gertatzen diren harremanak kontuan hartzea. «Konplexutasunean sakontzeak suposatzen du demokrazian sakontzea eta beste arkitektura batzuk sortzea eta boterearen deszentralizazioan eragitea». Boterea deszentralizatzeak, ordea, rol aldaketak gertatzea eragiten du. Mendozak galdetu zuen ea gizartea prest dagoen horretarako. Hernani Burujabe herri ariketa kolektiboaren bitartez, hori praktikara eramaten ahalegintzen ari direla azaldu zuen Lertxundik. «Ez da udal Gobernuaren plan bat, herri egitasmo bat da eta hori zaindu behar da», esan zuen Lertxundik. Alde horretatik, nabarmendu zuen aldeko masa kritiko bat gorpuztea ezinbestekoa dela, aurrera egiteko. Sektore estrategikoetan proiektu praktikoei lagundu diete beraiek, alkateak azaldu zuenez; esate baterako, energia komunitatea edo bertako moneta sortzea.