2024 URR. 20 ZORROZTARRIA Herri txikia, osoa bidean Julen MURGOITIO Azkenik! Egunak ziren ez nuela ondo lo egiten; gauak, egia esanda. Baina azkenean bai, bueltatu egin zait logura, jakinda Baionako bestek badutela, izan, leku zehatza heltzear den egutegian, udalak ferianteen eskaera kontuan hartu duela. Ez dakit ferianteon taktika politikoa izan ote den, ala artezean estrategia, baina emaitza hor dago. Hori bai, momentuko erronka beste bat izan dute, Errobi eta Aturri ibaiek ezin izan baitiote eutsi arrotik zetorkien ur oldeari eta, hortaz, ur banatzaile bihurtuta, inguruko karrikei ere bere partea eman diete. Eta kolpea gero! hori dena itsasgora zela! Ama, ama, itsasoa bera ere taktika politikoan aritu, edo, okerragoa dena, estrategian! Akabo! Non nintzen ni? A, bai, gomutatzen naiz, Legebiltzarrean! Ez du, bada, esan Ajuria Eneko maizterrak ganberako gobernuz kanpoko formazio nagusiak elkarlanerako egindako proposamena, hots, Euskadiko goiko erakundeen aurrekontuak modu bateratuan eztabaidatzekoa, taktika politikoa dela! Ama, ama, zer da, bada, politika! Herri txiki zatitua garenez zer gutxiago, aurrekontuen kostera honetan, lekuan eragiteko globalean pentsatzea baino, herri osoa izateko bidean betiere! Bada ez, proposamena errezeloz hartu du maizterrak, nonbait taktika politikoa ei da hori. Eta aurrekontuei begira errealismoa eskatu. Kolpea gero! Zer da politika, baina, finean? Akaso kudeaketa, helbide eta helburu hutsa? Non geratzen da sozio-politikaren helbide beharko ziren ganorazko taktika eta izaera bereko estrategia? Idazle uruguaitar ezagunak horretaz goxo idatzitakoa gogoan: “Nire taktika zuri mintzatzea eta entzutea da”, “nire estrategia azkenean zuk ni behar izatea”. Eta errealismoa? Izan gaitezen errealistak, lor dezagun exijitzen dugun hori… herri txiki osoa izateko bidean.