GARA Euskal Herriko egunkaria

Sare publikoa, baliabideak eta euskara indartzea eskatu diote Hezkuntza Sailari

Euskal Eskola Publikoaz Harro topaguneak Lakuako Hezkuntza Sailari zenbait eskakizun egin dizkio ikasturte hasiera honetan: sare publikoa sistemaren ardatza izatea, langile eta baliabide gehiago ikastetxeentzat eta euskara indartzea, ikasle guztiei aukera berberak emanez.

Euskal Eskola Publikoaz Harro topaguneak agerraldia egin zuen Eibarren. (Jaizki FONTANEDA | FOKU)

Euskal Eskola Publikoaz Harro topaguneak agerraldia egin zuen atzo Eibarren. Ikasturte hasieraren eta azken hauteskundeen ostean Lakuako Gobernuan eman diren aldaketen harira (Begoña Pedrosa da Hezkuntza sailburu berria) zenbait eskaera egin zizkion. EAEko Hezkuntza Legea garatzerako orduan sare publikoa «sistemaren ardatza» izatea proposatu zuten.

«Hau da, pribatuko gelak ituntzea, soilik eskaintza publikorik ez dagoenean». Honekin batera, plaza publiko berriak sortzeko plana egitea defendatu zuten, «beharrezkoa den lekuetan». «Sare pribatuaren gehiegiko presentzia gertatu da sare pribatuaren aldeko hamarkadetako hezkuntza politikei esker», adierazi zuten agerraldian. Era berean, ikastetxe publikoek «langile eta errekurtso gehiago» behar dituztela nabarmendu zuten, «baita azpiegitura eta zerbitzu egokiak ere». Hirugarrenik, euskarari balioa ematea defendatu zuten: «Sare publikoan euskara indartu behar da, ikasle guztiei aukera berberak emanez eta euskara bera kohesio tresna izanez».

Euskal Eskola Publikoaz Harro topagunearen iritziz, eskola publikoa «ikasleak euskalduntzeko ezinbesteko tresna» bihurtu da.

Alde horretatik, gogora ekarri zuten D ereduan 2 urteko ikasleen %98 zeudela 23/24 ikasturtean. Hala ere, «euskalduntzen ez duten ereduen finantzaketa etengabe handitzen jarraitzen du Hezkuntza Sailak», gaitzetsi zuten: «Hezkuntza Lege berria benetan betetzeko asmoa badu Sailak, euskalduntzen ez duten ikastetxeei ituna kentzen hasi behar luke».

Bestetik, azken bi urteetan ikasle zaurgarrienak modu orekatuan banatzeko ustezko saiakerak «ez duela fruiturik eman» segregazioaren aurka uste dute, eta aldiz «bestelako ondorioak» ekarri dituela: «Gogoko ikastetxean sartzea edo ez baldintzatzen duen neurrian, fidagarritasuna eta objektibotasuna galtzen du familien ISEK (Indize SozioEkonomiko Kulturala) ezagutzeko betetzen den inkestak. Eta ixtear zeuden itundutako gela batzuk, eskaera faltagatik, zabalik mantendu dira, gertuko gela publikoak itxi diren bitartean».

Azkenik, hezkuntza sistema dualak «ikasleen segregazioa» sortzen duela uste du topaguneak: «Hori kaltegarria da bai euskalduntzeari bai bizikidetzari begira. Praktika baztertzaileak garatzen dituzten zentro horien finantziaketa eten egin behar da, ahalik lasterren, eta guztiontzako sarea, sare publikoa, alegia, indartu».