2024 URR. 21 Ta segi aurrera Surflari ernegatua Surflari profesionalak entzungailuekin kontzentratuta ikusi ohi ditugu itsasoratu aitzin, musikak motibatzen lagun baitezake. Askotan abesti txatxuena ere buruan bueltaka izaten dugu itsasoan, baina erritmo iraunkor batean arraun egiteko balio dezake. Nik neuk indarra ematen didaten abestiak entzuten ditut surf egitera autoan noanean, umore onez itsasoratu eta inspiratzen nauten abestien erritmora olatuen artean dantzan egiteko. Bada arau bat nire buruari aspaldi ezarri niona, umore txarrez ez itsasoratzeko, alegia, irratia ez entzutea. Ordea, arau hori behin eta berriz hausten dut, eta sarri ernegatuta itsasoratzen naiz. Hala ere, duela gutxi izan dudan esperientziaren ostean, uste dut denbora luze batean nire buruari ezarritako araua betetzeko moduan izango naizela. Euskadi Irratiko Amarauna saioan Sunita Clambong elkarrizketatzen ari ziren. Donostian filosofia eta antropologia ikasketak egiten ari den 18 urteko angeluarrak bazuen zer kontatu. Besteen artean Indian sei hilabetez bizitzen izan zela azaldu zuen, eta hitz egiteko moduagatik mundu ikuskera oso interesgarria duela zirudien. Baina egungo irrati ereduak ez du laguntzen zer kontatua dutenek adibide emateko, azaleko iruzkin eta irriak arrakastatsuagoak baitira. Sunitak arrakasta itzela izan zuen sare sozialetan “Txikia” abestiarekin, eta Gorka Otaegi elkarrizketatzaileak abestiaren inguruko iruzkina egin zuen. Noski, gaizki, nik bezala, ikastolan ikasi baitzuen. «Gure haurrek biharko Ikastoletan haien izenak abestu ditzaten», dio Telesforo Monzonek idatzitako abestiak. Euskal Gudarosteko komandantea izan zen Candido Saseta eta 1973 apirilean poliziek Algortan hil zuten Eustakio Mendizabal “Txikia” etakideari egiten dio erreferentzia abestiak. Mendizabal hil zorian zela, eskuburdinak jarri zizkioten, «badaezpada ere». Nik ez nituen haien izenak ikastolan ikasi, eta Gorka Otaegik ere ez. Ez dakit 1975eko irailaren 27an fusilatu zuten Anjel Otaegirekin loturarik duen Amarauneko esatariak, baina bi bider errepikatu zuen “Txikia” abestia Txiki eta Otaegiren omenez egina izan zela. Esan bezala, oker zegoen, baina halako gaietan huts egiteko eskubidea dute publikoki hitz egiten dutenek, existitzen ez diren biktimak ezin baitira iraindu. Biktimak izendatzeko Eusko Jaurlaritzak erabiltzen duen irizpideetako bat baita, tiroketa batean polizia bat eta etakide bat hiltzen badira, soilik poliziaren heriotza kontatzea. Bestea ez da existitzen, ezta kasu honetan bezala, hildako poliziarik ez badago ere. Memoria deitzen diote. Frantziako iraultza eta AEBetako konstituzioa ikasten ikasturte osoa pasatu ostean, «Euskal Herriko historia» hiru astetan ikasi behar izan genuen ikastolan, «Francoren garaian grisei harrika» aritzen omen ziren irakasleekin. Helmugara iritsi nintzen, penatuta eta haserre. Olatuak ere ez ziren nik espero nituen bezain onak. Eskerrak larrialdi kasuetarako RIPen diskoa beti autoan dudan. Itsasoratu nintzen eta gozatu nuen RIPen erritmoarekin eta Monzonen hitzekin: lepoan hartu eta segi aurrera. Nire buruari arau bat ezarri niona umore txarrez ez itsasoratzeko, irratia ez entzutea. Arau hori behin eta berriz hausten dut