2024 URR. 23 ARTE EDERREN MUSEOAK ALKIZAKO ARTISTA OMENDU NAHI IZAN DU Hernion inspirazio bila aritu zen Goenaga tximaluzea itzuli da Adats luze-luzea, bizarra, jeans zikinduak, cowboy botak eta begirada pentsakorra. Otsamendi baserrian bere buruari ateratzen zizkion erretratuetan, hogei urte inguruko Juan Luis Goenaga gaztetxo hark 60-70eko hamarkadetako rock izar baten antza du. Mikel Lertxundi komisarioaren esanetan, «sator pintorea» bihurtzen ari zen garai hartan; satorren moduan, sustraien bila. Mikel Lertxundi arte komisarioa, Barbara eta Telmo Goenagaren artean. (Oskar MATXIN | FOKU) Amaia EREÑAGA BILBO Joan den abuztuaren 13an bota zuen azken hatsa Juan Luis Goenagak (Donostia, 1950-Madril, 2024), 74 urte zituenean, gaixotasun luze baten ondorioz. Eta, bere omenez, Bilboko Arte Ederren museoak artista handi honen lan goiztiarrena erakutsi nahi izan du “Juan Luis Goenaga. Alkiza, 1971-1976” erakusketarekin. Bost aretotan ehun bat artelan ikusgai daude otsailaren 16ra arte. Mikel Lertxundi historialaria da erakusketaren komisarioa. Artistaren gainean argitaratutako monografiaren egilea ere bai. Egun Bilbon ikusgai dagoen erakusketari 2017an heldu zion. Atzo Lertxundi hunkitu egin zen aurkezpenean, negarrari eutsi nahian ibili ziren ere Barbara eta Telmo, Goenagaren seme-alabak. «Erakusketa hau buruan zuela joan zitzaigun -aipatu zuen Barbara Goenaga aktoreak-. Luze lan egin zuen honetan, bukaerara arte. Uztailean Mikelek galdetu zigun ea joan ahal izango zuen ospitalera aita ikustera, eta orduan erakutsi zion erakusketa nola geldituko zen». LIBURUA, AZOKARAKO Bilboko museoaren aukeraketak ere badu bere ‘zera’: «Aitarentzat hau munduko museorik garrantzitsuena zen, Leopoldo Zugaza (1932-2022) berarengan sinetsi zuen lehena izan zelako», esan du Barbara Goenagak. Hau da, Leopoldo Zugaza kultur eragileak, 1973. urtean, Durangoko Udal Kultur Aretoan antolatu zuen erakusketan erakutsi zituen Goenagak bere lan goiztiar hauek. Eta 2024. honetan, Miguel Zugazak iragarri zuenez, Durangoko Azokarako Goenagari buruzko liburu bat prestatzen ari da museoa, Joseba Zulaikaren testuekin hornituta, duela 51 urte egin zen erakusketa hura gogora ekartzeko asmoz. Arte Ederren Museoaren aita zen Leopoldo Zugaza. «Jose Luisengan dena intentsitatea eta sakontasuna zen», adierazi Mikel Lertxundik. Lehenengo aretoan sartu eta, bat-batean, Goenaga gaztearekin topo egingo duzu eta, egia da, igertzen da intentsitate hori: harriekin bideak egiten ditu, eta bide horiei argazkiak atera. Harriak jaso eta, beste osagai batzuekin, material naturalez eta beste motatako objektuez osatutako kaxak eraikitzen ditu. Hemen Jose Miguel Barandiaran, Jorge Oteiza, Pio Baroja, H.P. Lovecraft edo Edgar Allan Poeren erreferentziak daude, hor giro misteriotsua eta magikoa. Prestakuntzan autodidakta izanik, Goenaga oso gaztetan hasi zen pintatzen eta marrazten. 60ko hamarkadaren bukaeran prestakuntza ibilbide bat egin zuen Madril, Erroma, Bartzelona eta Parisen barrena. Donostiara itzuli zenean, ordurako Ur eta Gaur euskal talde artistiko berritzaileen proposamenetara hurbildu zen; izan ere, Gaur taldeko zenbait kideren kezken oinordeko zuzena izan zen: Chillida, Oteiza eta, bereziki, Zumeta eta Mendibururen oinordekoa, alegia. «Hori behar du euskal pinturak: lehenik, gure aurrekoek egindako guztia ondo ezagutu, leize zulotan kanta eta dantzan. Horiei ondo begiratu, arretaz entzun eta kontuan edukiz», esan zuen “Zeruko Argia” aldizkarian 1972. urtean argitaratuko elkarrizketa batean. BERE BURUARI INPOSATUTAKO ISOLAMENDUA «1969. urtetik aurrera bere buruari Alkizan inposatu zion isolamendua erabakigarria izan zen bere kontakizunean sakontzeko», Lertxundiren aburuz. Garai hartako artista askok legez, naturara jo zuen; naturan murgildu, nazioartean gerra giroan bizi ziren garai likido haietan. «Ahaztutako Gipuzkoa zen Alkiza garai haietan; ez zuen zerikusirik Donostiarekin, beste mundu bat zen, non orainak eta iraganak elkarri eskua ematen zioten. Alkizan kokatu zuen ere Bernardo Atxagak bere mundu magikoa», gehitu zuen. Egunez, bakarrik ibiltzen zen basoan, Hernioko magalean, argazkiak egiten. Gauez, saiatzen zen pinturaren eta marrazkiaren bidez azaltzen zer sentipen sortzen edo eragiten zizkion bilaketa horrek. «Beregan identifikatu nahi izan zuen euskal arima», komisarioaren ustez. Zorrotz dokumentatu zituen “land art”-eko lan horiek guztiak. Arkeologo baten landa koaderno antzeko bat osatu zuen, museoak erosi zuena duela urte batzuk, eta testuetan ere kutsu oso poetikoa antzematen zaio. Argazki bitxiak dira gero. 70eko hamarkadaren hasieran, eta urtebetez naturan eta argazkigintzan murgilduta egon ondoren, “Itzalak” lanarekin itzuli zen pinturara. Argazkiak eta pinturak tartekatuta, ibilbide bat izango balitz bezala, artistaren mundu magikoan murgildu gaitezke erakusketa honetan. “Belarrak” saila ere ikusgai dago. Izugarria da. «Hura izan zen landare osagaiak berrinterpretatu eta abstrakzioaren eta figurazioaren arteko tentsioa sortzen duten diseinu bihurtzen dituen sailetan lehena; osagaiak ezaguterrazak dira, baina diseinuak irudizkoak», zioen atzo Lertxundik. Belarren eta sustraien ordez, ureko landaredia bihurtu zuen protagonista gero... Gezurra dirudi hain denbora laburrean, bost sei urte inguru, zein motatako esperimentazio lana egin zuen. Zerbait argi dago, Mikel Lertxundiren esanetan: «22-24 urte zituen, baina ordurako bazen Goenaga». NATURANMargolariaren lan goiztiarra da hau; alegia, Alkizan 1971-1976 urte bitartean izan zuen, naturan murgildurik, esperimentazio aldi laburrekoa. Mikel Lertxundiren ustez: «22-24 urte zituen, baina ordurako bazen Goenaga».