2024 URR. 23 Salatu dute Nafarroako Parlamentuak gaur Bardeako tiro eremura egin behar zuen bisitari betoa jarri diola Defentsak Bardeako tiro eremuaren irudia. (Jagoba MANTEROLA | FOKU) GARA IRUÑEA Gobernu espainolak betoa jarri dio Nafarroako Legebiltzarrak Bardeako tiro eremura egin behar duen bisita bati, Geroa Baik eta Izquierda Unidak atzo salatu zutenez. Azalpenak eman ditzala eta bisita hori egin ahal izateko data bat zehaztu dezala eskatu diote bi talde politikoek Madrilgo exekutiboari. Geroa Baik, Uxue Barkos senatariaren bidez, galdera bat erregistratu zuen Goi Ganberan, Espainiako Defentsa Ministerioari zuzendua, bisita horri «betoa jartzeko arrazoiak» ezagutaraz ditzala eskatzeko. Eskari horretan gogorarazten da joan den irailaren 9an Nafarroako Legebiltzarreko Mahaiak eta Bozeramaileen Batzordeak tramitera onartu zutela Parlamentuaren ekimen bat, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Batzordearen ordezkaritza batek tiro eremura bisita egin zezan. Bisitaren helburua ere adierazten zuen: «Instalazioak bertatik bertara ezagutzeko, bertan egiten diren praktika eta ariketa militarrak, bai eta ingurune naturalean gerta daitezkeen ingurumen-kalteak ere». Bisita gaur zen egitekoa, baina urriaren 17an Defentsa Ministerioak bisita instituzional hori egiteko baimena ukatu zuen, «arrazoi operatiboak» argudiatuta. Horren harira, Barkosek Defentsa Ministerioak erakutsi duen «gardentasun falta» kritikatu zuen. Berretsi zuen Geroa Bai tiro eremu horren aurka dagoela, eta uste du «ulertezina eta irrazionala» dela Bardeako eremuak erabilera militarra izatea, eta ez zibila. BISITA NOIZ Izquierda Unidak ere ekimen bat aurkeztu zuen Parlamentuan, Enrique Santiago bozeramailearen bitartez. Bertan, bisita bertan behera uzteko «arrazoi operatiboak zeintzuk izan diren zehatz-mehatz azaltzeko» galdegin zioten ministerioari, eta eskatu, argi dezala noiz egingo den bisita. Horrez gain, tiro eremuko instalazioetan egiten diren jarduera zehatzen inguruko informazioa eskatu zioten.