GARA Euskal Herriko egunkaria

Senatuaren eskea baztertuta, zigor doblearen gaia itxi du Kongresuak

Zigorren zenbaketa bikoitza indargabetzen duen lege erreforma atzera botatzeko saiakerei azken ate politikoa itxi zien atzo Kongresu espainoleko Mahaiak, Senatuak berriz botatzeko eskaera ukaturik. Araua BOEn (Estatuko Aldizkari Ofizialean) argitaratuta dago jada.

Mahaiko kideak; erdian, Francina Armengol. (Jesus HELLIN | EUROPA PRESS)

Zigorren zenbaketa bikoitzaren praktika tranpatia indargabetu eta legedi espainola Europako Batasunaren irizpideetara doituko duen 7/2014 legearen erreforma ez da berriz botatuko Kongresuan, Ganbera honek atzera bota baitzuen Senatuak bide horretan egin zuen eskaera.

Kongresuaren ustez, ez da bidezkoa eskaera hori onartzea, Ganberak «bere betebehar konstituzional eta arauzkoak bete» dituelako. Gainera, Ganberako letraduen txosten batek berretsi du Mahaiak joan den asteartean hartu zuen erabakia, arauaren aldaketa onartutzat eman zenean.

Txostenaren arabera, Senatuak epez kanpo bozkatu zuen legearen erreforma, eta erreforma indargabetzeko han onartutako akordioak ez du betorik ezartzeko ahalmenik, PPk defendatzen duen moduan. Izan ere, legea Gobernu espainoleko Presidentetzara igorri zuen Kongresuak, eta joan den larunbatean argitaratu zen Estatuko Aldizkari Ofizialean.

PPk Senatuan duen taldeak aurreratu zuenez, auzi honetan eskumen gatazka dagoela aurkeztuko du Auzitegi Konstituzionalean. PPren ustez, Goi Ganberako osoko bilkura legeari uko egitea «beto» gisa ulertu behar zen, eta Kongresuak ekimena berriz bozkatu beharko luke.

Senatuko Mahaiak urriaren 30eko osoko bilkuraren gai zerrendan sartu zuen Kongresuko Mahaiari egindako errekerimendu formala, Konstituzionalaren aurrean eskumen gatazka bat aurkeztu aurreko urratsa.

PSOEREN HELEGITEAK

Auzitara ez du PPk bakarrik joko. PSOEko senatariek bi babes helegite aurkeztuko dituzte Espainiako Auzitegi Konstituzionalean, Pedro Rollan Senatuko presidenteak lege horren inguruan hartutako bi erabakiren aurka. Zehazki, atzerapenean boto telematikoa ez ahalbidetzea eta osoko bilkuraren ezezkoa beto gisa interpretatzen duen txosten juridikoa ezkutatzea.

Juan Espadas PSOEk Senatuan duen bozeramaileak atzo aurreratu zuenez, datozen egunetan aurkeztuko dituzte bi helegiteak.

Espadasek azaldu zuen lehen helegitea aurkeztuko dutela, Rollanek botoa telematikoki emateko ahalmena duten senatarien eskubideak urratu zituelako; izan ere, ez zuen aukera hori eskaini hilaren 8ko osoko bilkuran, arau hori bozkatzekoa zenean, eztabaida hilaren 14ra arte atzeratzeko berehalako bozketa bat proposatu zuenean.

Hilaren 14an erreforma eztabaidatu eta bozkatu zenean, ziurtzat jo zen bozketa testimoniala zela, zuzenketarik aurkeztu ez zelako. Baina Rollanek ezkutatu egin zuen hiru egun lehenago sinatua zuela letraduen txosten bat, zeinaren arabera bozketak betoa zekarren, testua Kongresura itzularaziz. Erabaki horri erantzungo dio bigarren helegiteak.