2024 URR. 25 EUSKARALDIA 2025 «Denboran eta gizartean» zabalduko den Euskaraldia berrabiarazi dute Euskaraldiaren laugarren edizioa aurkeztu zuten atzo, Iruñean, «Elkar mugituz egingo dugu» lema izango duena. Udaberrian, 2025eko maiatzaren 15etik 25era, egingo den ariketa soziala berrikuntzekin dator; izan ere, egun zehatz batzuetako ekimena izatetik «nazio mailan, euskararen lurralde osoan, eta denok batera egiten dugun dinamika» izatera pasatzea nahi dute. Euskaraldiaren aurkezpenaren aurretik Gaztelu Plazan eginiko argazkia. (Idoia ZABALETA | FOKU) Ibai AZPARREN IRUÑEA Hiru edizio, zazpi urte, 400 herri-batzorde, 8.000 entitate parte-hartzaile eta milaka ahobizi eta belarriprest; horiek hala, Euskaraldia jendartean finkatu dela uste dute antolatzaileek. Hala ere, ediziotik ediziora berrikuntzak eskatzen dituen ariketa dela onartu dute, eta, ildo horretan, atzo Iruñean aurkeztu zituzten udaberrian, 2025eko maiatzaren 15etik 25era, egingo den Euskaraldiaren laugarren edizioaren xehetasun eta berrikuntzak. Data izango da berritasun horietako bat. Izan ere, orain arte udazkenean egin izan da Euskaraldia, baina laugarren edizio hau udaberrian izango da. «Euskaraldia ariketa soziala den heinean, jendearen arteko interakzioa beharrezkoa da, eta eguraldiak laguntzen du horretan», azaldu zuten. Beste nobedadea? Herritarrei protagonismoa emanez, Euskaraldia ulertu, ikusi eta bizitzeko modua aldatu eta ekimena bera berrabiaraztea proposatu zuten, egun konkretu batzuetako ariketa soziala izatetik aurrerantzean «nazio mailan, euskararen lurralde osoan eta denok batera egiten dugun dinamika» izatera pasa dadin nahi dute. Gainera, logo berria ere aurkeztu zuten Asier Kidamen magia trukoekin alaitu zuten aurkezpenean. Ilaski Serranoren gidaritzapean, erakunde, gizarte eragile, enpresa eta herri batzordeetako ordezkari zein herritarrak Nafarroako Antzerki Eskolan bildu ziren atzo. Bertan, Euskaraldia «hizkuntza ohiturak aldatzeko ariketa sozial masiboa» izatetik harago «euskararen erabilera aktibatzeko mugimendu» izatea nahi dutela nabarmendu zuten, eta horren ondorioz, reset egitea beharrezkoa dela azpimarratu, hau da, Euskaraldia berrabiaraztea. Orotara, 320.000 herritar baino gehiago dira Euskaraldian noizbait parte hartutakoak; horietako asko, ohituragatik, segurtasun faltagatik edo dena delakoagatik uste dutenak ez dutela ongi egiten baina hamaika egunetan zehar euskaraz aritzeko zailtasunak gainditu dituztenak. Arrakasta horren ondoren, ordea, berritasunen beharra ikusi zuten gizarteko dozenaka eragile eta herritarrekin batera egindako hausnarketa prozesuan, eta, ondorioz, «Euskaraldia gaindituko duen Euskaraldi» bat nahi dute 2025ean. Horretarako, kaleko euskalgintza, euskaldun eta euskaltzaleak mugiarazi nahi dituzte. Euskal Herri osoan euskararen erabilera aktibatzeko prest dagoen jendea «batu, trebatu, antolatu eta dinamika soziala indartu» nahi dute antolatzaileek. Norabide horretan lanean hasiak dira dagoeneko Euskal Herriko hainbat txokotako herri batzordeak, eta horretarako tresna berri bat dute eskura: Euskara aktibatzaileen gidaliburua. Euskaraldiak ondutako gida praktiko honek mugimendua sortzeko, osatzeko, sarea irudikatzeko eta ekintzak antolatzeko hainbat gako ematen ditu; herritarren aktibaziorako modu berriak proposatzen ditu. ESENTZIARI EUTSIZ Berritasunak berritasun, Euskaraldiaren oinarria mantendu egingo dela nabarmendu zuen ekimenaren koordinatzaile Goiatz Urkijok. Hortaz, partaideek “ahobizi” ala “belarriprest” rola hautatuko dute, izena eman, eta 11 egunez dagokien txapa jantzita egingo dute ariketa. Aurreko edizioetan bezala, azpimarra berezia jarriko da Euskaraldiak gizarteratu eta arau sozial bihurtu nahi dituen hizkuntza portaeretan: hala nola lehen hitza euskaraz egitea; euskaraz ulertzen dutenekin euskarari eustea (elkarrizketa elebidunak); eta euskaldunak euskaldunari, beti, euskaraz egitea. Ekimenak ahalegin kolektiboa exijitzen du, eta horren harira aukeratu dute aurtengo lema: “Elkar mugituz egingo dugu”· Aktibazioari, mugimenduari, emozioei eta batak bestearengan duen eraginari erreferentzia egiten dio horrek, Urkijoren esanetan. «Euskaraz hitz eginez batak bestea mugitu egiten du, eta besteak bata, eta, hala, hizkuntza-inertziak eraldatzen dira», adierazi zuen oholtzaren gainean. Euskaraldian parte hartuko duten herri eta entitateak dagoeneko hasi dira parte hartzen, atzo ireki baitzen izena emateko aukera. Herritarren txanda, berriz, martxoan izango da, orduan zabalduko baita aukera belarriprest edo ahobizi izateko izena emateko. HERRITARRAK ETA ERAKUNDEAK Ez bakarrik ariketan bertan, antolaketan ere oinarrietako bat elkarlana izango da. Hori dela eta, antolatzaileekin batera, ekimenaren Koordinazio Mahaia osatzen duten erakundeetako ordezkariek parte hartu zuten ekitaldian. Txantreako batzordekide Dabid Dominguezen kasua da. Oholtzan, azaldu zuen Euskaraldia «jendea erakartzeko mugimendu bat» izan behar dela, «ur-zurrunbilo moduko bat, euskara bera erdigunean dela». Gainera, Euskaraldia Euskal Herriko instituzio eta erakundeak batzen dituen egitasmoa dela aldarrikatu zuten. Ildo horretan, aurkezpenean izan ziren Euskaltzaleen Topaguneko lehendakari Irati Iciar, Nafarroako Gobernuko lehendakariorde eta Memoria eta Bizikidetzako, Kanpo Ekintzako eta Euskarako kontseilari Ana Ollo, Lakuako Gobernuko lehen lehendakariorde eta Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburu Ibone Bengoetxea, eta Euskararen Erakunde Publikoko lehendakari Maider Behoteguy. Datu bitxia eman zuen azken honek; izan ere, Behoteguy euskara ikasten ari da, eta «belarriprest hasiberri gisa» arituko dela azaldu zuen «Zuen aitzinean naiz, euskararen aktibazioan parte hartzeko, ikasle eta hautetsi gisa». Ollok, bestetik, aipatutako elkarlanari erreparatu nahi izan zion. «Denek parte hartzen dute, bakoitzak bere esparruan asko eskain baitezakegu. Auzolan demokratikoa da», gaineratu zuen. Bengoetxeak, berriz, azken urteetan eragile, herritar eta erakunde publikoen eskutik emandako aurrerapausoen balioa nabarmendu zuen. Halere, «euskararen erabilera sozialean jauzia» emateari jarri zion azpimarra. Haren ustez, lanean jarraitu behar dugu, batez ere, lan munduan eta aisialdian euskaraz aritzeko, baita euskararekin loturarik ez dutenak euskarara hurbiltzeko ere. Iciarrek esan zuen euskarak nazio mailako ekimen masiboak behar dituela, baina horrekin batera, euskarak «gizarte mugimendu indartsu bat behar duela». Erronka horri begira dago Euskaltzaleen Topagunea, baita Euskaraldia ere. Un movimiento para activar el uso del euskara La iniciativa Euskaraldia, presentada ayer en la Escuela Navarra de Teatro, pretende pasar de ser un «ejercicio social masivo de cambio de hábitos lingüístico» a un «movimiento para activar el uso del euskara» a diario. Esa es una de las novedades de la edición de 2025 que se celebrará durante once días, del 15 al 25 de mayo de 2025, en la que los participantes en Euskaraldia podrán elegir entre los dos roles: “ahobizi” o “belarriprest”, identificados con la chapa correspondiente. Pero no será un ejercicio social que se limite a once días: «Queremos extender la dinámica del ejercicio en todo el territorio del euskera, en el tiempo y en la sociedad. Queremos alimentar el movimiento que active el uso del euskera», explicó Goiatz Urkijo, coordinadora de Euskaraldia. Además, la iniciativa se celebrará en primavera, y contará con un libro-guía que proporcionará una serie de claves para crear red, organizar acciones y revitalizar el movimiento. El propio lema de la cuarta edición, “Elkar mugituz egingo dugu”, «hace referencia a la activación, al movimiento, a las emociones y a la influencia que tenemos uno sobre el otro», señalo Urkijo. «Hablando en euskera, uno mueve al otro, y el otro al uno, transformando inercias lingüísticas», subrayó. Sin embargo, Euskaraldia no solo incide en las actitudes lingüísticas, sino que también tiene una profundidad emocional colectiva. «Miles y miles de ciudadanos, al mismo tiempo, en Senpere, Lizarra y Bilbao, dan un paso a favor del euskera, sumando sus deseos, retos y clamores. Es emocionante, ilusiona, y también tiene un toque épico, ya que, hasta ahora, no se ha realizado un ejercicio social tan masivo en todo el mundo», destacó Urkijo. Las localidades y entidades que quieren participar en Euskaraldia ya han comenzado a inscribirse. El turno de los ciudadanos y ciudadanas será en marzo. I.A. BERRITASUNAKLogo berriaz gain, «Euskaraldia gaindituko duen Euskaraldi» bat nahi dute 2025ean, euskararen erabilera aktibatzeko mugimendua izatea. Gainera, lehen aldiz udaberrian egingo dute. GIDALIBURUAEdizio honetan gidaliburua erabiliko dute. Gidak emango ditu Euskaraldiaren mugimendua sortzeko, osatzeko, sarea irudikatzeko, ekintzak antolatzeko eta indarberritzeko hainbat gako. PARTE HARTZEA Guztira, 320.000 herritar baino gehiago dira Euskaraldian noizbait parte hartu dutenak. Gainera, 400dik gora herritan antolatu zen ariketa; herritarrek, euskara elkarteek edota udaletako ordezkariek osatutako batzordeek antolatzen dute Euskaraldia herriz herri. EPEAKEuskaraldian parte hartuko duten herri eta entitateak dagoeneko hasi dira izena ematen. Herritarren txanda, berriz, martxoan izango da, orduan zabalduko baita «belarriprest» edo «ahobizi» izateko izena emateko epea.