2024 URR. 25 «Udalak pertsonak bideratu ditu Kaleko Afari Solidarioetara» Egian egindako agerraldia. (Jon URBE | FOKU) GARA DONOSTIA «Zer zerikusi du segurtasunak pertsona boluntario batzuek kale-egoeran dauden pertsonei otorduak ematearekin? Ez zaigu buruan sartzen», nabarmendu zuen Kaleko Afari Solidarioak (KAS) taldeko Agus Rodriguezek atzo NAIZ Irratian. Debekua soilik Egiako afarientzat eta ez Alde Zaharreko edo Amara Berrikoentzat izatea «nahiko bitxia» dela gaineratu zuen. «Gu boluntarioak gara, ez gara catering zerbitzu bat sekulako azpiegitura duena, furgonetak dituena gauzak mugitzeko; nahiko komeria izaten dugu horrelako kopuruak kozinatu, garraiatu eta banaketa antolatzeko», azaldu zuen elkarrizketan. Egiako afarietan 200 lagun biltzen ziren. Debekuaren ondoren, beste auzoetara jo beharko dute. «Zer gertatuko da? Masifikazioa, horrek dakartzan arazo guztiekin, urduritasuna, boluntarioen lana zailduko da... egoera nahiko kafkianoa da», laburbildu zuen. KASeko boluntarioak ere beste kontraesan bat ikusten du gertatutakoarekin. Izan ere, asteazkenean, udaltzainek beraiek informazio-orri batzuk banatu zizkieten afari zerbitzuaren erabiltzaileei, Udalak eta beste eragile batzuek eskaintzen dituzten zerbitzuen zerrendarekin. Zerrenda horren buruan, Alde Zaharreko eta Amara Berriko afari solidarioak agertzen ziren. «Kuriosoa da debekatzera datozen poliziek gure erabiltzaileei hiriko baliabideen zerrenda ematea, eta horien artean Egiako ekimenaren berdinak diren ekimenak sartzea, udal zerbitzuak balira bezala», haus- nartu zuen Rodriguezek, baina aldi berean egoerak ez duela harritu erantsi zuen. Izan ere, lau urte hauetan «behin baino gehiagotan gizarte zerbitzuetatik guregana bideratu dituzte, ez soilik gazte magrebtarrak, baizik eta familia osoak, Estatu espainiarretik etorritako pertsonak, askotariko pertsonak». Gogoratu zuenez, hilabeteak daramatzate «acoso y derribo» kanpaina bat salatzen, non «gazte magrebtarren aurkako kriminalizazio saiakera garrantzitsua» gertatzen ari den, «zenbait komunikabideren aldetik izua zabaldu nahian». LAGUNTZA ESKE KASek agerraldia egin zuen atzo Kalkutako Teresa plazan, orain arte Egiako afariak banatzen zituen tokian. Jaso duten elkartasuna eskertu zuten, baina ekimenarekin jarraitu ahal izateko «elkartasunaz gain, laguntza» beharko dutela nabarmendu zuten. «Kaleko afari solidarioekin jarraituko dugu, ez baita segurtasuna ezbaian jartzen duen ekintza, baizik eta pertsonen elikadura-segurtasuna elkartasunaren bidetik bermatzen duena», aldarrikatu zuten. Lo Que No Te Cuentan de Donosti Telegram kanaletik erasoak pairatu izan dituztela salatu zuten. «KASeko kideak seinalatu, KASeko kideak iraindu, KAS krimina- lizatu, KASeko kideak mehatxatu, KASeko jasotzaileak jipoitu eta pareko ekintza-mezuak sustatu eta egikaritzen ditu», azaldu zuten, jarrera horiek «gizatasunaren aurkako gorroto eta delitu ekintzak direla eta auzibide penala exijitzen dutela» aipatuz. Kanal horrek «KAS jomugan du, suntsitu nahi du, desagerrarazi. KAS omen da, bere diskurtsoaren arabera, segurtasun ezaren sorburua», azpimarratu zuten. Bestetik, Egiako afari solidarioak egiten ziren gunean labanak eta drogak konfiskatu zituztela gezurtatu zuten KASeko kideek. Martin Ibabe Segurtasun zinegotziak eman zituen datu horiek. BESTE TOKI BATEgiako afariei ezarritako debekuaren ondoren, KASek ekimen solidarioarekin jarraitu nahi du. Horretarako, «elkartasunaz gain laguntza» eskatu, eta eta «beste toki bat» bilatuko dutela iragarri zuen atzo.