2024 URR. 27 PILOTA Peio Etxeberria finalerdietan da, dema oso gogorrean Laso menderatuta Zenoztarra 16-12 atzetik joan da, baina azken txanpan aurkariak baino gehiago asmatu du. Bilboko partidan Elordik irabazi duenez, Laso eta Elordiren arteko irabazlea izango da beste sailkatua eta Peña aukerarik gabe geratu da. Peio Etxeberria, pilota astintzen, atzo Labriten jokatutako partidan. (Jagoba MANTEROLA | FOKU) Asier AIESTARAN Peio Etxeberria Lau eta Erdiko finalerdietan izango da aurten ere. Labriteko partidan 19-22 menderatu zuen Unai Laso, 329 pilotakada izan zituen borroka ezin gogorragoan, eta Bilbon Elordik irabazi zuenez, zenoztarrak hurrengo faserako sailkapena ziurtatu zuen. Bigarren txartela Laso eta Elordiren arteko irabazlearentzat izango da, eta Peña inolako aukerarik gabe gelditu da. Labriteko demak utzi zuen beste gogoeta epaileen lanaren ingurukoa da. Motzegi ateratako bi sake ontzat eman zituen epaileak: arrastoaren gainean bote egin zuen Lasoren 4-7koa eta arrastora iritsi ere ez zen Etxeberriaren 14-12koa. Egia da pilotak daraman abiadurarekin ez dela erraza izaten erabakia hartzea, baina zesta puntako Winter Series txapelketan abian jarriko den pantaila bidezko epaiketa sistemari gertutik jarraitu beharko lioke esku pilotak ere. Jokoari dagokionez, fase oso desberdinak izan zituen norgehiagokak. Azkenaldian erakutsitako sendotasunaren bidetik, Peio Etxeberriak oso bizi ekin zion demari. Nahiz eta sakearekin gehiegi asmatu ez, piloteoan ederki mugitu zuen Unai Laso eta hasieratik pilatzen joan ziren tanto gogorretan bera izan zen inspiratuago aritu zena. Oso urrutitik jotako horma-biko batekin lortu zuen, adibidez, 1-3koa, eta bost tantoko partzial bati hasiera eman zion 1-7 aurreratuz. Lehen zati horretan Unai Laso nahiko galtzaile aritu zen, baina azkar irauli zuen egoera. Sakeari eta ondorengo pilotakadari bizitasun handia emanez, Etxeberria estuasunetan sartu zuen behin eta berriz. Errematean agian ez zen beste batzuetan bezain distiratsu ibili, baina eman zuen bere klasearen berri, markagailuan 16-12 aurreratzeraino. Baina Peio Etxeberriak ez du ia inoiz burua galtzen -iazko finala izango da segur aski salbuespen bakarra-, eta nahikoa izan zen Lasok airez egindako akats bat zenoztarrak berriz ere jokoaren ekimena hartzeko. Andoni Gaskue botileroak hala erregututa, abiadura eta norabide gehixeago eman zion sakeari, pilatutako nekea hobeto kudeatu zuen, eta azken txanpan sendotasun handiagoa erakutsi. ELORDIK, KOSTATA Bilboko partidan, Aitor Elordi ia une oro markagailuan agintzen joan zen, 21-17 aurretik jarri arte. Baina partida ixtea kosta egin zitzaion, eta Jon Ander Peñak neurketa 21-21 berdintzea lortu zuen. Azken tantoa bizkaitarraren alde erori zen. EPAILEEN BI AKATSMotzegi ateratako bi sake ontzat eman zituen epaileak: arrastoaren gainean bote egin zuen Lasoren 4-7koa eta arrastora iritsi ere ez zen Etxeberriaren 14-12koa.