2024 URR. 28 SURFA Brasilgo selekzioa nagusi, herrialdeen arteko munduko Masters txapelketan Brasilek irabazi zuen El Salvadorren egin zen herrialdeen arteko munduko Masters txapelketa. Hiru kategoriatan lehiatu ziren 28 herrialdeetako ordezkariak: 40 urtetik gorakoak, 50 urtetik gorakoak eta 60 urtetik gorakoak. Olatu onak izan ziren. Brasilgo selekzioa, garaipena ospatzen. (WORLDSURFLEAGUE.COM) Haritz LARRAÑAGA Guztira, 28 herrialdetako 90 surflari lehiatu ziren Munduko Masters txapelketan, El Salvadorren lehiatutakoan. Selekzio guztiak ez ziren kategoria guztietara aurkeztu, hortaz kategoria guztietan lehiakideak zituzten selekzioek puntu gehiago eskuratzeko aukera gehiago izan zuten, eta hori azken emaitzetan ikusi zen; baina, kategoria guztietan ordezkariak zituzten taldeak asko zirenez, lehia gogorra izan zen. Urrezko domina Brasilek irabazi zuen, zilarrezkoa Hawaiiko taldearentzat izan zen, brontzea Australiarentzat eta kobrezko domina Frantziako taldearentzat. Olatu bikainak izan ziren El Sunzal hondartza famatuan. Urriaren 18 eta 24 bitartean bi metroko eskuin olatu luze eta sendoak izan ziren, lehiakideen gozamenerako. Azken urteetan mundu mailako txapelketa ugari egin dira bertan, baina azken txapelketa honetan bezalako baldintzak oso gutxitan izan dira. Masters kategoriako txapelketetan aldaketak izan dira azken hamarkadetan, surflarien batez besteko adinak nabarmen gora egin baitu. El Sunzalen egin zen txapelketan ere berrikuntzak izan ziren, besteak beste, emakumeak zein gizonak, bereizita, baina kategoria berberetan lehiatu baitziren: “Masters”, 40 urtetik gorakoak; “Grand Masters”, 50 urtetik gorakoak; eta azkenik, “Kahunas”, 60 urtetik gorako surflariak. Kontuak honela, Hawaii izan zen urrezko domina gehien irabazi zituena, nahiz eta puntuen zenbaketan Brasil nagusitu zen. Urrezko sei dominetatik hiru surflari hawaiiarrek irabazi zituzten. Lehiakide brasildar batek urrezko beste domina irabazi zuen, beste bat lehiakide frantsesak eta bestea lehiakide australiarrak. Honako hauek izan ziren urrezko dominen irabazleak. Melanie Bartels hawaiiarra eta Diego Rosa perutarra, Masters kategorian. Rochelle Ballard hawaiiarra eta Scott Schindler australiarra, Grand Masters kategorian. Becky Benson hawaiiarra eta Eric Graciet biarriztarra, Kahunas kategorian. El Salvadorko txapelketa antolatu zuen erakundea, International Surfing Asotiation, surfaren Joko Olinpikoak antolatzen dituen erakundea da. ISAk erabakitzen du zein naziok parte hartu ahal duen bere txapelketetan eta Joko Olinpikoetan. Adibidez, Hawaiiko selekzioak parte hartu ahal du ISAk antolatzen dituen txapelketetan, baina hawaiiarrek ezin dute parte hartu Olinpiar Jokoetan. Horregatik lehiatzen dira surflari hawaiiarrak AEBetako selekzioarekin Joko Olinpikoetan. ALDAKETAK Master mailako munduko herrialdeen arteko txapelketa bat egin zen azken aldia 2013. urtean izan zen Ekuadorren, Montañita urautsian, eta hori baino lehenago, 2011. urtean ere, El Salvadorren izan ziren surflari beteranoak, baina orduko hartan Punta Rocan lehiatu ziren. El Sunzal, Montañita eta Punta Roca antzeko urautsiak dira. Harri biribilen gainean eskuin olatu luzeak lehertzen dira, ez indartsuak, baina mota guztietako ariketak egiteko aukera ematen dutenak. Masters txapelketak antolatzen hasi zirenean, surflari profesionalen batez besteko adina gaztea zen, batez ere nesketan. Inork gutxik gainditzen zuen 30 urteko langa. Une batetik aurrera, ordea, Masters mailan lehiatu zitezkeen surflariak lehen mailako titulu mundialak irabazten hasi ziren. Marck Occhilupok 35 urterekin irabazi zuen munduko txapela eta Kelly Slater 51 urterekin oraindik lehen mailako zirkuitua egiten ari zen. Ondorioz, Masters kategoria garai berriei egokitzen joan zen eta gutxieneko adina igo behar izan zuten. Duela hamarkada bat, lau kategoria zeuden gizonentzat: 35 urtetik gorakoak, 40 urtetik gorakoak, 45 urtetik gorakoak eta 50 urtetik gorakoak lehiatzen ziren mutiletan. Aitzitik, emakume guztiak kategoria bakar batean biltzen ziren, 35 urtetik gorakoak. Azken txapelketan, hala ere, hiru multzo egin ziren, eta gutxieneko adina 40 urtera igo zuten. Hartara, neskak kategoria bakoitzean lehiatu ahal izan ziren. Horrez gain, izan zen beste berrikuntza bat El Sunzalen egin zen munduko surflari beteranoen txapelketan, bost herrialde berri atxiki baitziren lehiakideen zerrendara: Israel, Austria, Kanada, Barbados eta Ingalaterra. Hala, inoiz baino herrialde eta surflari gehiagok parte hartu zuen munduko Masters txapelketan. KONDAIRA BIZIAK Parte hartzaileen artean kondaira biziak ziren. Ikusmin handia sortu zuen AEBetako taldearekin lehiatu zen Tom Currenek. Hiru bider (1985, 1987, 1990) munduko txapelduna izandakoak 60 urte bete ditu, baina soilik 50 urtetik gorakoen kategorian lehiatu zen. Bere estilo paregabearekin ikuskizun ederra eskaini zuen, baina ez zuen finalera iristerik lortu. Emakumeen kategorian zer esana eman zuen lehiakidea Becky Benson izan zen. El Salvadorko txapelketan 67 urterekin lehiatu zen hawaiiarra, eta lehen aldiz jokatu zen 60 urtetik gorako emakumeen kategorian urrezko domina irabazi zuen. Duela 52 urte, 1972an egin zen munduko txapelketa ofizialean parte hartu zuen eta lau urte geroago, 1976an, zirkuitu profesionalean parte hartu zuen, mundu osoan zehar lehiatuz. Urtebete geroago hirugarren postua eskuratu zuen lehen mailako munduko itzulian, baina horren ostean goi mailako lehiaketa utzi behar izan zuen, zirkuitua ordaintzeko babeslerik aurkitzen ez zuelako. Curren eta Benson bi adibide baino ez dira, surflarien artean antzeko historiak izan ditzaketen pertsonaia ugari izan baitziren. BECKY BENSONEl Salvadorko txapelketan 67 urterekin lehiatu zen hawaiiarra, eta lehen aldiz jokatu zen 60 urtetik gorako emakumeen kategorian urrezko domina irabazi zuen. Duela 52 urte, 1972an egin zen munduko txapelketa ofizialean parte hartu zuen eta 1976an munduko zirkuitua osorik egin zuen.