GARA Euskal Herriko egunkaria
GIPUZKOAKO BERTSOLARI TXAPELKETA

Oihana Iguaranek gozo eztenkatu du Irun

Irungo Ficobako auditoriumak 310 bertsozale hartu zituen atzo arratsaldez. Bertso arratsalde ederra izan zen, isiltasun kolektiboak eta talde txaloak txandaka, bertsolariak entzuleengana iristen asmatu zuten seinale. Oihana Iguaran gailendu zen, hasi eta buka goi-goitik, ariketa guztietan fin eta ganbarakoan bikain. Arrasateko finalerdira, zuzen.

Oihana Iguaran gailendu zen, atzo, Irungo saioan. (Jagoba MANTEROLA | FOKU)

Irungo Ficobako Auditoriumak hartu zuen atzo arratsaldean final laurdenetan laugarrena. Dagoeneko datorren eskailera, finalaurrekoena, begiztatzen da eta igartzen da bertsolariaren pausajean. Inork ez du pausoa oker eman nahi eta bidean geratu.

Oihana Iguaranek seguru egin zituen urrats guztiak, ariketaz ariketa. Goian hasi eta goian bukatu, 517,5 punturekin. Erlezainaren trajearekin hasi zen zortziko handian, «ja eztenetik gehiegi dauka ta gozotik oso gutxi», eta ganbarakoan sexu indarkeriaren kasu publiko batean izena eman duen emakume baten azaletik aritu zen, plaza eztenkatuz.

Hauxe zen ganbarako gaia: «Badakizu ez duzula ondo pasatuko, baina izena eman duzu». Sei bertsolaritik bostek “izena eman” hori era batera hartu zuten. Iguaranek, beste ertz batetik heldu zuen, lehen botean espero gabeko tokitik, zorrotz. Gaurkotasun biziko gaia ekarri zuen oholtzara. «Bi salaketa zebiltzan dudan nahiz zehatz-mehatz deskriba / izen ta abizen atera naiz ni jira dadin perspektiba / ta bapatean prentsan arretak niganantz jira du mira / ta bapatean ni bota naute denek plazaren erdira/ erasotzaile bera izan da ta denak niri begira / erantzulea enaiz ni baina galderak niretzat dira».

Benetan, ganbarako aparta bezain zorrotza. Ordurako puntuak aise bilduak zituen Iguaranek, ariketa guztietan fin aritu zelako. Ganbarako puntuazioa, hala ere, espero baino baxuagoa izan zen.

Bigarrena, Amaia Iturriotz izan zen, 484,5 punturekin. Saio erregularra egin zuen, lurretik gauza oso ederrak eginez. Adibidez, zortziko txikian Eñaut Martikorenarekin aritu zen. Trenean zihoazen biak: Iturriotz, irakurri nahian, eta Martikorena, mugikorretik bideoak entzuten, bozgorailuak topera. «Renfe atzeratu da gaur ere hala zen / hemen ni liburua goxoki zabaltzen / zu bertsoa puntu com gustuz begiratzen / guztioi ez zaizkigu bertsoak gustatzen», hasi zen Iturriotz.

ARKITEKTOAK

Eneritz Artetxe izan zen hirugarrena, 476 punturekin. Ariketa guztietan txukun eta, tarteka, gorantz tira eginez. Lotura polita egin zuen, zortziko handian egokitu zitzaion pertsonaia ganbararaino eraman zuen. Arkitekto familiako alaba, anaiak ez bezala etxeko tradizioa segitu nahi zuen berak. Ganbaran hauxe bota zuen hirugarrena: «Materiala eta neurriak jarri dizkigute gaitzat / zailtasun denak albora utziz hartu nahi nituzke aintzat / izena eman dut ta ez egiteko jada berandu da behintzat / ondo ikasi nahi ditut noski paper bakoitzaren ertzak / eta unian lau urte hauek pasa ondorenean beltzak / anaiak ez du nahi eta beraz negozioa niretzat».

Laugarrena Eñaut Martikorena hernaniarra, 468,5 punturekin. Pentsatzeko norabide oso propioa dauka, zirrikitu bereziak ikusten dizkio gaiari.

Hamarreko txikian Martikorena eta Iguaran egokitu ziren. Kostaldeko herri bateko biztanleak biak, Eñautek taberna bat dauka itsasora begira eta Oihana egunero joaten da gosaltzera, turistak iritsi baino lehen. «Zuk beti nahi dituzu kafea ta tosta / bost euro utzirikan eta ozta-ozta / eskerrak turistekin igotzen da koska / lokala alokatzeko garesti da kosta / ta haiek beti nayo ohi dute langosta».

Peritz izan zen bosgarrena, 465,5 punturekin. Printza propioak erakutsi zituen, eta ganbarakoan, erremate bikaina. «Esaten dute gauza ona dela itzuli nahi izatea / beroa dela iraganari aurre egiteko bakea / nik herrian maiz probatu baitut isilpea ta mahaipea / pentsatu ez arren gorde dudanik manga azpian naipea / duda daukat multiplea / nahi baitut eragitea / erabaki dut herriko txosnan turnotxo bat egitea / bai bai sinplea dirudi baina denontzat ez da sinplea», lehena. Eta hirugarrena, «...han ikusi dut kuadrilla ta hartu ditut bi txupito extra / txosna barruan dantzan hasi naiz bakarrik irribarrezka / ez zaudete eroso ezta / lasai ez da zuen kezka / ni ez nentorren molestatzera segi segi zuen festa / hau lehen nintzena besarkatzeko modu bat besterik ez da».

Seigarrena, Iñaki Apalategi, 446 punturekin. Poto bat egin zuen eta horren zama sumatu zuen puntuazioan. Azken final laurdena falta da, Tolosan.