2024 URR. 30 Buru osasuneko arazoak dituzten biktimentzat egoitza bat Nafarroan Egoitza baliabide berezia irekiko du Nafarroak indarkeria matxistaren biktima izan diren eta osasun mentaleko arazoak edo adikzioak dituzten emakumeentzat. 2024an, irailaren bukaerara arte, indarkeria matxistagatik 1.685 salaketa jaso zituen Nafarroako Fiskaltzak. Nafarroako Gobernuak atzo aurkeztu zuen baliabide berria. (NAFARROAKO GOBERNUA) GARA IRUÑEA Nafarroak egoitza baliabide espezifiko bat jarriko du osasun mentaleko arazoak edo adikzioak dituzten indarkeria matxistaren biktima diren emakumeentzat, eta datorren urtean zehar horretarako utzitako higiezin bat egokituko du 200.000 euroko aurrekontuarekin, eta baliabideak eta arreta emango dizkio pertsona bakoitzaren arabera. Atzo eman zuten honen berri Felix Taberna lehen lehendakariordea eta Lehendakaritza eta Berdintasun kontseilariak eta Patricia Abad Nafarroako Berdintasunerako Institutuaren (NABI) zuzendari gerenteak prentsaurrekoan. 2025eko berdintasunaren arloko berrikuntza eta jarduera ildo nagusiak azaldu zituzten. «Emakumeen eta gizonen arteko benetako berdintasuna bermatzea da Nafarroako Gobernuaren sei lehentasun politikoetako bat», adierazi zuen Felix Tabernak: «Botere publikoen erantzukizuna da emakumeen aurkako indarkeria adierazpen guztiak prebenitu eta desagerraraztea, giza eskubideen urraketa baitira, eta, beraz, edozein gizarte demokratiko garatzeko oztopo». Hala, gogorarazi zuen Nafarroako Fiskaltzak indarkeria matxistagatik 1.685 salaketa jaso dituela aurten irailaren 30era arte. Horietako 272 sexu indarkeriagatik izan dira, hau da, «sexu izaerako baimendu gabeko ekintza oro». Gainera, NABIk Nafarroan emakumeen genitalen mutilazioa prebenitzeko eta horren aurrean jarduteko protokoloa eguneratzeko asmoa du. Datorren urtean, halaber, indarkeria matxistaren ondorioz hildako emakumeen seme-alabentzako dirulaguntzen araubidea ezarriko duen Foru Dekretuaren garapena amaitzea aurreikusten da. Laguntza hori «berehalakoa, kudeaketa errazekoa» eta beste prestazio batzuekin «bateragarria» izango da, hala nola umezurtz pentsioarekin edo larrialdietarako laguntzekin, Abaden arabera. Aurrera egingo da ere leihatila bakarra sortzen eta emakumeen aurkako indarkeriaren biktima izatearen akreditazio guztietarako prozedura homogeneizatzen. Gogora ekarri zuten NABIk kudeatzen dituela biktimei eta bizirik atera direnei laguntzeko baliabideak, hala nola Sexu Indarkerietarako Arreta Integraleko Zentroa. Joan den apiriletik, eguneko 24 orduetan, urteko 365 egunetan, arreta integral espezializatua ematen die 16 urtetik gorakoei. Gisa berean, harrera baliabideak, genero indarkeriaren biktimei arreta integrala emateko taldeak, bai eta salerosketa eta prostituzio kasuetarako baliabide espezifikoa ere. Horretarako, 2025ean Nafarroak 2,1 milioi euro inguru izango ditu aurrekontuan. 1.685 SALAKETA2024ko lehenengo bederatzi hilabeteetan Nafarroako Fiskaltzak indarkeria matxistagatik 1.685 salaketa jaso zituen. 24 ORDUZ Sexu Indarkerietarako Arreta Integraleko Zentroak eguneko 24 orduetan, urteko 365 egunetan, arreta integral espezializatua ematen die 16 urtetik gorako biktimei.