2024 URR. 30 Eusko Ikaskuntzak ikerketarako plan bat ondu du unibertsitateekin Euskal Herriko zazpi unibertsitateek ikerketa sustatu eta laguntzeko programa berria aurkeztu dute Eusko Ikaskuntzarekin. Ikasturte honetan 2.000 euroko hiru laguntza izango dira doktoregai, master eta graduetako 4. eta 5. mailako ikasleek aurkeztutako lanentzat. Javier Arrieta koordinatzailea, Ana Urkizarekin, atzo. (Jon URBE | FOKU) GARA DONOSTIA Ikerketa sustatu eta etorkizuneko aztertze ildoak irekitzeko asmoz, programa bat sortu du Eusko Ikaskuntzak, Euskal Herrian dauden zazpi unibertsitateekin batera. Helburua etorkizuneko ikergaien hasierako azterketa sustatzea, lehen hilabeteetako lana bultzatzea eta etorkizuneko ikerketa ildoen lanketa erraztea da. Zehazki, Euskal Herriko Unibertsitateak, Deustuko Unibertsitateak, Mondragon Unibertsitateak, Nafarroako Unibertsitate Publikoak, Nafarroako Unibertsitateak, Urrutiko Hezkuntzako Unibertsitate Nazionalak (UNED), Paueko eta Aturrialdeko Unibertsitateak parte hartu dute. Eusko Ikaskuntzaren Donostiako egoitza nagusian atzo aurkeztu zuten programa. Bertan azaldu zuten hiru laguntza eskainiko dituztela 2024-2025 ikasturtean, 2.000 eurokoa bakoitza. Doktoregaiak, masterreko ikasleak edo graduetako laugarren eta bosgarren mailako ikasleak aurkeztu ahal izango dira, bai banaka, bai eta taldeka ere. Ana Urkiza Eusko Ikaskuntzako lehendakariak azaldu zuenez, «2021ean Euskal Herriko unibertsitateekin sinatutako hitzarmen markoaren barnean kokatzen da lehenengo deialdi hau, lankidetza eta gure esparruko ikergaiak sustatzeko eta ikertzeko». Urriaren hasieran erakundeak abiatu zuen XIX. Kongresuaren ondoren aurkeztu dute programa hau. Izan ere, «Eusko Ikaskuntzak aurrerantzean -Kongresuan- definitutako baliabide orriari erantzuteko elkarlanak duen garrantziaren erakusle argia da, indarrak batzeko, aliantzak sendotzeko eta bidea elkarrekin egiten jarraitzeko», adierazi zuen Ana Urkizak atzoko ekitaldian. EUSKARAJavier Arrieta programaren koordinatzaileak zehaztu zuenez, «proposamenak euskaraz, gaztelaniaz edo frantsesez egin ahal izango dira, baina euskarak izango du lehentasuna ikerketak garatzeko hizkuntza gisa».