2024 URR. 30 «Frankenstein agurgarria»: gutun bat, disko-liburu baten barnean Gutun musikatu bat da ‘‘Frankenstein agurgarria’’ disko-liburua. Ikuskizun bat izateko sortu zen, eta orain CD zein paperera «mutatu» dute Ana Galarragak eta Pettik. Victor Frankensteini zuzenduta dago gutuna, garaiko hausnarketek inspiratu eta egungoekin loturak bilatuz. Testuak eta musika uztartzen ditu lanak. Osotasunean ulertzeko gomendatu zuten egileek, uztarketak garrantzia baitu, musika ez delako hondoko zerbait. Ana Galarraga eta Petti, eskuetan disko-liburu berria dutela. (Jon URBE | FOKU) IRAITZ MATEO DONOSTIA «Nor da munstroa?» galderaren oihartzunak errepikatzen dira zortzi abesti eta tartekatutako testuetan, Victor Frankensteini Pettik eta Ana Galarragak eskaintzen dioten gutun musikatuan. 2022an sortu zuten “Frankenstein agurgarria” ikuskizuna, eta egileen esanetan emanalditik emanaldira «mutatzen» joan da, orain, disko-liburu bihurtu arte. Ikuskizunak egiten eta mutatzen jarraitzeko asmoa nabarmendu zuten atzo egindako aurkezpenean. 2022ko Baztango nobela beltzaren astean, (H)ilbeltzan, Pettiri kontzertua bakarka egiteko eskatu zioten. Ordurako, Galarraga ikuskizun bat izan zitekeenaren gidoia lantzen ari zen eta oholtzara jauzi egitea erabaki zuten. «Pandemian eskura genituen liburuak irakurtzen genituen eta nik Mary Shelleyren “Frankenstein” liburua berrirakurtzeko tartea hartu nuen», azaldu zuen Galarragak. Irakurtzen ari zela, Pettiren “Manipulazio estrategiak” diskoarekin loturak ikusten hasi zen. «Gutun errezitatu bat da, Victor Franskensteini [Frankenstein sortu zuen nobelako pertsonaiari] idatzia. Mary Shelleyren figura aldarrikatzen dugu. Auzi etiko eta filosofikoak lantzen ditugu», adierazi zuen. «Atzean dagoen munstroa nor da? Galdera horrek bultzatu ninduen idaztera, paralelismoak ikusten nituelako Mary Shelleyk lantzen dituen gaien eta egun puri-purian dauden gaien artean», azaldu zuen. Mary Shelleyk bizitakoak egungo gaiekin harilkatzeko ahalegina egin du bikoteak, eta hala kontatu zuten aurkezpenean: «Elektrizitatea oso purian zegoen garaian, teknologiarekiko lilura eta ondorioekiko beldurra. Egun adimen artifizialarekin lotu dezakegu hori. Munstroak hori gorpuzten zuen. Norena da ardura? Sortu duenarena? Loturak egin ditugu gaur egunera ekarrita. Lantzen dituen gaiak historikoak bezainbeste dira gure baitakoak». LIBURUA, CDA, QR-A Disko-liburuak osotasun bat duela nabarmedu zuten. Liburuan testuak jasotzen dira, eta CDan kantuak. «Ez dira testuak girotzeko, kantuek bere garrantzia dute», zehaztu zuten. Eta hirugarrenik, QR kodeak dira lanari osotasuna ematen diotenak. Gisa horretan ikuskizun osoa beste modu batera bizitzeko aukera eskaini nahi dute. Pettiren esanetan, CDan biltzen diren kantuak eta ikuskizunekoak «fidelak» dira. Musikari gehiago sartzeko aukera bazegoen, baina nahiago izan zioten zuzenekoaren soiltasunari eutsi. Kantu bakarrean daude musikari gehiago, “Bermanen mamuak” kantuan hain zuzen ere, Anariren eta Joseba Irazokiren parte hartzea baitu abesti horrek. Musikan bidelagunak izateaz gain, testuetan ere bidaide izan dituzte Mari Luz Esteban eta Miren Agur Meabe. Hitzaurrea idatzi baitu lehenengoak, eta bigarrenak hitzostea. Estebanek ikuskizuna ikusi ondoren artistekin partekatutakoak eraman ditu paperera, eta Meaberi, berriz, Galarragak berak eskatu zion hitzostea idazteko: «Emanaldien ostean, bisak eskatzen zizkiguten. Baina ez da kontzertu bat, eta orduan poema bat errezitatzen nien, Miren Agurren [Meabe] ‘Mary Shelley eta bere piano gardena’. Honenbestez, berak izan behar zuen hitzostea idatziko zuena». BIHOTZEZ Unai Arana arduratu da diseinuaz. Azalean zein barnealdean bihotzak protagonismo handia du: «Ikuskizunean ere bihotza zentzu konkretuan dugu, bihotzei buruz hitz egiten dugu. Mary Shelleyk ere bere senarraren bihotza gorde zuen». Disko-liburua argitaratu badute ere, ikuskizuna egiten jarraituko dute, eta ikuskizunarekin batera «mutatzen» joango dira beraiek ere. Ostegunean dute hurrengoa, Hondarribiko alde zaharreko kultur etxean, 20.00etan. Eta irriz aitortu zuten: «Estreinaldia da. Beti da estreinaldia, aldatu egiten dugulako». MUTAZIOAKontatu zuten publikoak eskatuta emanaldiko orriak banatu izan dituztela eta, beraz, liburuaren aurreko hainbat bertsio edo mutazio zabalduta daudela.